Herri bilera maiatzaren 3an

Energia berriztagarrien komunitatea eraikitzen hasteko gonbita Udaletik

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 25a, 16:29

Energia berriztagarrien komunitatearen inguruko lanketa bideratzen hastera doa herri hau. Udalak abiaraziko du, herritarrak bidelagun izan nahi dituen egitasmoaren aurkezpenarekin; maiatzaren 3an 18:00etan Sutegin.

Energia berriztagarrien komunitatea sortzeko lanketari ekin nahi dio Usurbilgo Udalak, Goinerrekin batera. Herria inplikarazi nahi duen prozesu honen abiapuntua, Usurbilgo Udalak maiatzaren 3an arratsaldeko 18:00etan Sutegiko auditorioan antolatu duen aurkezpen ekitaldia izango da. Komunitateok zer diren eta Usurbilen zer egin daitekeen azalduko dute hitzordu honetan.

Hitzordu horri begirako lehen zehaztasunak astelehen honetan eskaini dituzte Potxoenean. Udalaren enkarguz, Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak dinamizatuko du prozesua. "Herritarrak gerturatzea nahi genuke, gaiaren inguruan pixkanaka sakontzen hasteko", adierazi du Alazne Arruti Goienerreko ordezkariak.

Prozesua bera aurkeztuko da, asmoa talde sustatzaile bat osatzea litzateke. "Batez ere arlo juridiko eta ekonomikoa landuko dira. Proiektu ezberdinak Usurbilen nola uztartu daitezkeen". Prozesua dinamizatu nahi dute, herritarren saretzea bideratzeko. Dinamizatu soilik ez, "herritarrak izango dira prozesua biziko dutenak". Eta herritarrak aipatzean, ez dira ari soilik norbanakoez; baita enpresez, komertzioez, Udalaz... Formakuntza edo ahalduntze prozesu bat egongo da eta "horren ondorio izango da sortzen dena". Arrutiren esanetan, "gure neurrira egindako proiektua, herriaren erabakiz gauzatutakoa".

"Energia sistema erresilienteago eta bidezkoago bat eraikitzeko"
Goienerreko ordezkariak "langile eta herritar bezala, Usurbilen energia komunitate bat sortu daitekeela iruditzen zait". Energia komunitate batekin hain zuzen, "komunitatearentzako onura kolektibo bat bilatuko da": aurrezpena, prezio justuak eta lanpostuak sortzeko aukera legoke onura ekonomikoen artean; sozialen artean, pobrezia energetikoari aurre egiteko neurrien lanketa; ingurumen arlotik bertako baliabideen erabilera.

Energia berriztagarrien komunitatea sortzen lagundu nahi dutela adierazi du alkate Agurtzane Solaberrietak. "Aukera bikainak dira herritarren parte hartzea eta ahalduntzea sustatzeko, tokiko energia beste modu batean kudeatzeko eta energia sistema erresilienteago eta bidezkoago bat eraikitzeko, burujabetza energetikoa ipar eta denontzat bizigarria izango den Usurbil zerumugan". 

Alkatearen esanetan, "energia komunitate hau herritik eta herriarentzat sortzea nahi genuke. Egungo kontsumo eredua aldatzen joateko aukera izan behar du, herritarrak arlo honetan ahaldundu eta batez ere trantsizio ekologikoaren erronka honi ere modu kolektiboan erantzuteko aukera emateko".

Hain zuzen, bizi dugun testuinguruan, energiaren prezioaren neurrigabeko gorakada edota "Euskal Herriak duen menpekotasun energetikoa" ikusita,  "trantsizio energetikoaren erronka premiazkoa eta urgentziazkoa da". Eta aldaketa bide horretan, "gure premisa argia da; trantsizioak iraunkorra, berriztagarria, baina batez ere justua eta inklusiboa izan behar du, inor atzean edo bazterrean utziko ez duena eta herrikideen arteko aukera berdintasuna ere bermatzeko bokazioa izango duen trantsizioa".



Goiener bidelagun
Prozesua aipatu moduan, Goienerrek dinamizatuko du. Potxoeneako gaurko prentsaurrekoan parte hartu duen ordezkari Alazne Arrutik gogorarazi duen moduan, 2012an lan bolondresetik sortutako irabazi asmorik gabeko herri ekimen bat da. Energia sortzeko lege aldetik trabak izanik, "energia merkaturatzea lehenetsi zen", argindarra etxeetara bideratzeko. 2018an NafarKoop kooperatiba sortu zuten.

Egun 20.000 kontratu inguru kudeatu eta 16.000 bazkide inguru ditu Goienerrek, tartean usurbildarrak. Haien hirugarren lan-ildoa dinamizazioarena litzateke. Mugikortasuna, hezkuntza, energia arloko proiektuak, hizkuntza... ardatz hartuta "langile eta bolondresen artean formakuntzak, hitzaldiak ematen dira". Azken urtean "100 tokiko entitate ingururekin bilduta egon gara. 14 prozesuetan bidelagun dabil Goiener". Tartean, Orexan eta Hernanin bideratzen ari diren lanketak. "Oraintxe urtebeteko prozesua amaituta, haien lehen proiektuak gauzatzen ari dira".

Urrats berria, ibilbide luzeagoan
Energia berriztagarrien komunitateen gaiari lotutako lanketa hau alor honetan Usurbilgo Udala jorratzen ari den bide luzeago baten baitan kokatu dute. 2009an atez ateko bilketa martxan jarri ondotik, 2011n bi urte beranduago onartuko zuen energia jasangarritasunareko ekintza plana lantzeko Alkateen Ituna sinatu zuen Usurbilgo Udalak. Plan horren baitan lan-ildo ezberdinak lantzen joan direla gogorarazi du Potxoenean Ibon Goikoetxea ingurumen eta nekazaritza saileko udal teknikariak; tartean energia berriztagarrien alorra jorratu dute.

Urteotan bideratu dituzten hainbat egitasmo aipatu ditu: Udarregi Ikastolan eta Oiardo Kiroldegian jarriak dituzten eguzki plakak esaterako. Hauei esker, "Kiroldegiko kontsumoaren %24a energia berriztagarrien bidez egiten dugu". Udarregikoa ikastolarako soilik ez, udal eraikin hainbat hornitzeko ere baliatzen dute. 

Zumarte Musika Eskolaren eraikin berrituak "geotermia instalazioa du". Pikaolara gas azpiegitura zabaltzea lortu eta orain arte Haranen eta inguruko bizilekuetan zuten gasoilarena ordezkatuko du aurrerantzean. 

Energia berriztagarrien aldeko apustua soilik ez, energia efizientziaren aldeko egitasmoak ere sustatzen dihardu Usurbilgo Udalak. Ahalik eta energia gutxien kontsumitzea lehenesten duten hainbat proiektu bideratu dituzte, LED teknologia baliatuta adibidez, argiteria publikoan. Aldaketa honekin "kontsumoa nabarmen jaistea lortzen ari gara", Goikoetxearen esanetan. Olarriondon, Kalezarren, Santuenean, Txikierdin edota Osinalden teknologia hau aplikatu dute. Iaz herri mailako azterlan bat egin ostean, 2030erako Usurbilgo kale argiteria publiko guztia LED teknologiara egokitzeko erronka jarria du Udalak. Bide horretan, aurten, Kale Nagusian, Txaramunto aldean eta Eguzkitzan egingo dute aipatu aldaketa. 

Udalaren energia kontsumoaren jarraipena egiteko software bat ere badute. Horrek "kudeaketa erraztu eta hobetzen digu". Egitasmo gehiago; mugikortasun eredu berri baten alde, iaz auto elektriko partekatua jarri zuten martxan, 7.000 kilometro egin ditu jada. Autoaz gain, bizikletaren erabilera sustatzeko bidegorriak aipatu behar. "Pikaola-Saizar bidegorri zatia egin zen". Txikierdi-Troia artekoa ahalik eta lasterren egiteko "Aldundiarekin lanketan ari gara", berri eman du udal teknikariak.

Beste bi egitasmo; aurreko urtean zehar Udalak zabalik izan eta herritarrei aholkularitza zerbitzua eskaini dien energia bulegoa. Eta hondakinen nahiz ur kontsumoari lotutako zergak ordaintzeko herritarrek hobariak eskatzeko aukera dutela gogorarazi du. 

Egitasmoen zerrenda honi batuko zaio orain energia berriztagarrien komunitatea lantzeko abiaraziko duten prozesua. "Gure inguru hurbilean ugaltzen ari dira gisa honetako komunitateak. Arretaz jarraitu ditugu prozesu hauek eta urrats hori emateko ordua iritsi zaigu", adierazi du alkateak.