Tokitan

Leire Arregi: “Selektibitatea amaitu nuenean, ez neukan oso argi zer egin nahi nuen”

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 8a, 09:40

Ikasketek eraman zuten Bartzelonara Leire Arregi usurbildarra. Modak liluratuta joan zen bertara eta ikasketak amaitzear da. NOAUA!rekin partekatu ditu esperientziak eta etorkizuneko asmoak.

NOAUA! Zer eraman zaitu Bartzelonara?
Leire Arregi: Selektibitatea amaitu nuenean, ez neukan oso argi zer egin nahi nuen. Gustukoen izan nitzakeen horiek buruan nituen, eta azkenean magisteritzari heldu nion eta Goi Mailako ziklo batean sartu nintzen. Bi hilabete iraun nituen horretan, eta utzi egin nuen. Inflexio puntu batean nengoela, inguruko jende asko hasi zitzaidan esaten modaren arlo horretan irudikatzen nindutela. Ideia ona iruditu zitzaidan eta esparru horri lotuta neuzkan aukerak begiratzeari ekin nion. Urtebeteko tartea neukan erabakia lasai hartzeko. Uste dut oso garrantzitsua dela denbora hartzea noranzko egokiak hartu eta behar bezala pentsatzeko. Nazkatuta nengoen ikasteaz eta orduak aulki batean eserita egoteaz. Lehengusu eta amaren eskutik joan nintzen Bartzelonara eta unibertsitate bat ikusi genuen. Izugarri gustatu zitzaidan hango eskaintza eta bide hori hartu nuen.

LEIRE ARREGI

“Unibertsitatean, lehen bi urteetan derrigorrez moda 
diseinua ikasi behar da eta ondoren, espezialitate bat aukeratu behar da”

Zer dira moda ikasketak?
Moda diseinua ikasten hasi nintzen. Unibertsitatean, lehen bi urteetan derrigorrez moda diseinua ikasi behar da eta ondoren, espezialitate bat aukeratu behar da. Estilismoa gustatzen zitzaidan, batez ere, baina irakasleek diseinuaren aldeko apustua egitea gomendatu zidaten. Beraz, haien gomendioari jarraitu nion eta diseinuarekin jarraitu nuen. Hasi bezain pronto konturatu nintzen hori ez zela nire bidea, ezin nuela horrekin, gehiegizkoa zen. Segurtasun falta handia neukan eta segituan konturatu nintzen hori ez zela nire bidea. 
Duela hiru urte, nire urtebetetze egunean (otsailaren 5ean), erabaki nuen ez nengoela gustura egiten ari nintzenarekin eta zerbait aldatu egin behar nuela. Estilismoarekin jarraitzea erabaki nuen, orduan. Orain oso gustura nago, eta erabaki egokia hartu nuela dakit. Amaitzen ari naiz ikasketak, eta oso pozik nago. 

 

“Nire sormen lan guztia erakusten ari naiz”

NOAUA! Praktikak egiten ari zara edo eginak dituzu dagoeneko?
Leire Arregi: Bai, egin nituen. Estilista batekin hasi nintzen lanean, publizitatean aritu gara: Pepsi, Lay’s… oso polita iruditu zitzaidan, eta gainera, talde lanean egiten diren proiektuak dira. Diseinuaren arloa oso indibiduala da eta nik talde baten beharra neukan. Orain ikasketak amaitzen ari naiz, eta gai bat hartu behar nuen. Nik arreta gabezia daukat eta kritika sozial bat egiten ari naiz. 12 urterekin diagnostikatu zidaten arreta gabezia eta pilulapean bizi izan nintzen 18 urte arte. Urte horietan sormen gaitasun kendu zidaten eta orain horren aurkako borrokan ari naiz kritika sozialaren bidez. 
Egunerokotasunean ez da pilula bat hartzeko beharrik. Behin utzi nituenean segurtasun falta handia sentitu nuen, eta orain, nire sormen guztia erakusten ari naiz lan honen bitartez. 

“Sarri kanpoan zaudela konturatzen zara etxean zer daukazun: Usurbilen baino hobeto inon ere ez”

NOAUA! Katalunian ikasketa gehienak katalanez izaten dira. Zure kasuan ere hala da?
Leire Arregi: Nire ikasketak nazioartekoak dira, eta beraz, ez dira katalanez. Leku askotako jendea dago, eta bi aukera ematen dituzte gazteleraz egitea edota ingelesez egitea. Irakasleak katalanak dira eta ikasle katalanei aukera ematen diete lanak katalanez egiteko ere. Ez dago arazorik horrekin.

Zure kontutik katalana ikasten ari zara edo ez duzu jakiteko beharrik sentitzen?
Beharra badago eta lanerako katalana jakitea beharrezkoa da. Ni orain pisuan bizi naiz eta nire pisukideetako bat getariarra da, eta beraz, euskaraz hitz egiten dugu etxean bion artean. Beste pisukidea erdalduna da eta gazteleraz egiten dugu berarekin. Unibertsitateko lagun askok katalanez hitz egiten dute eta ulertzen diet, baina nik ez dut hitz egiten. 

Nazioarteko jendea ezagutzeko aukera ere izan duzu?
Bai, batzuk ezagutzeko aukera izan dut. Kulturalki oso ezberdina den jendea aurkitu dut, batez ere, eta katalanekin egoten naiz gehien edo euskaldunekin. Etxetik kanpo zaudenean, askotan sentitzen duzu beharra etxean bezala sentitzeko.

 

LEIRE ARREGI

“Lehen urtea gogorra izan zen niretzat. Bigarren urtea ikasle egoitza batean egin nintzen eta oso esperientzia ona izan zen”

 

Katalanak xuhurrak omen dira.
Beti izaten dugu horrekin tirabira. Hori katalanei esanez gero, haserretu egiten dira. Parrandan gaudenero gai bera ateratzen da, eta beti haserretzen dira, baina egia da, xuhurrak dira. Euskaldunok tragoxkak ateratzen dizkiogu elkarri, baina hemen bakoitzak berea egiten du. Harremanak oso ezberdinak dira, oso itxiak dira. Asko kostatzen da lagun taldeetan sartzen. Kuadrilakoei beti esaten diet zorte handia daukagula, askotan ekartzen ditugulako lagun berriak gure artera, baina hori hemen ez da gertatzen. Halakorik egiten badute, ordea, oso eskertzekoa da. Sarri kanpoan zaudela konturatzen zara etxean zer daukazun: Usurbilen baino hobeto inon ere ez. Usurbilgo gazteok daukagun harremana beste inon ez dago. 

Bartzelona hiri handia da. Usurbil bezalako herri txiki batetik aterata, erraza da horrelako hiri batera ohitzen?
Lehenengo urtea oso gogorra izan zen niretzat. Herri txiki batetik hiri handi batera pasatzean, konfidantzaz jokatzen duzu, herrian egingo zenukeen bezala eta errealitatearekin topo egiten duzu. Hori gogorra izan zen niretzat. Bigarren urtean, ikasle egoitza batean egon nintzen eta oso esperientzia ona bizi izan nuen. Urte onenak bertan pasatu nituen. Pixkanaka Bartzelonara egiten  da gorputza. Usurbila itzultzen naizenean, ahaztu egiten zait Bartzelonan bizi naizela, eta itzultzean berriz ere txip hori aldatu egin behar da. Momentu txarrak pasatzean, pisukideak beti esaten dit aprobetxatu egin behar dugula bi lekutan egoteko aukera izateaz, jende askok ez baitauka aukera hori.  

Euskal Herrian badago estilismotik bizitzeko aukerarik?
Beltz ikusten ditut gauzak orain. Etxera ez naiz itzuliko berehalakoan. Bost urte daramatzat hemen eta asko kostatu zait kontaktuak egiten, arlo honetan kontaktuak oso garrantzitsuak dira. Asko kostata lortutako lana izan da eta momentuz hemen geratzeko asmoa daukat. Beste nonbait aukerarik suertatzen bada lan egin ahal izateko bertara joango naiz. 
Madrilera joan behar badut hara joango naiz, A Coruñara bada, ba bertara, eta Berlin edo Londres bada, hara ere bai.