Tokitan

“Finlandiako unibertsitatean, Euskal Herrian baino gehiago lantzen dute alderdi praktikoa”

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 15a, 10:45

Ikasketek eraman dute Helsinkira Enara Arruti usurbildarra. Otsaila hasieratik Finlandiako hiriburuan dabil ikasketak amaitzen. NOAUA!rekin izan da esperientzia berria partekatzen.

NOAUA! Zerk eraman zaitu Finlandiara?

Enara Arruti: Otsaila hasieran iritsi nintzen hona. Graduko azken seihilekoa egiten ari naiz hemen. Ingenieritza diseinu industriala eta produktuen garapena ari naiz ikasten eta gradua amaitzeko Gradu Amaierako Lana egitera etorri naiz Helsinkira. Hementxe emango ditudan hilabete hauetan, GRAL hori egin behar dut eta horretarako, egunero zortzi ordu egiten ditut unibertsitatean ikerketa egiten. Talde eder bat daukate eta ni haiei laguntzen ari naiz eta aldi berean, aipatu dudan GRAL hori osatzen ari naiz.

 

Jende askok Erasmus esperientzia graduko hirugarren urtean egiten du. Zuk berriz laugarrenean, eta azken txanpa honetan. Joan zen urtean ezin izan zenuen egin edo horrela egitea erabakita zeneukan hasieratik?

Nik Mondragon Unibertsitatean ikasten dut eta bertan, ingenieritzako gradu gehienetan, laugarren urtean egiten da Eramusa. Laugarren urtean baino ez digute uzten kanpora joaten. Ezagutzen dut jendea EHUn ikasten duena edo Deuston eta joan zen urtean Eramus egiteko aukerarik izan ez zuena eta aurten egiten ari dena, baina nire kasuan pandemia izan edo ez, aurten egin behar nuen hala egin nahi izanez gero.

 

ENARA ARRUTI

"Guraso izatean, lan baldintza oso onak dauzkate finlandiarrek eta amatasun-baimena zein aitatasun-baimena oso malguak dira

 

Finlandiako hezkuntza sistema txalotua da mundu zabalean munduko metodologiarik onenetarikoa erabiltzeagatik. Unibertsitatean ere nabari da metodo ezberdin hori ala haurrengan baino ez da horrela?

Ez dakit klaseak emateko modua nolakoa den ni lanean ari bainaiz ikerketa egiten. Bertako lagunek esan didate eskolara joaten gu baino beranduago hasten direla gehienetan. Guraso izatean, lan baldintza oso onak dauzkate finlandiarrek eta amatasun-baimena zein aitatasun-baimena oso malguak dira. Ondorioz, eskolan zazpi bat urterekin hasten dira askotan.

Hala ere, oso txikitatik etxean haurrei gauzak erakustera ohituta daude eta eskolara hasterako irakurtzen jakiten dute ume gehienek. Unibertsitatean, askoz gehiago lantzen dute alderdi praktikoa guk baino. Irakasleek azalpenak luzeak eman beharrean, talde lanari garrantzia gehiago ematen diote. Lagunak dauzkat hemen unibertsitatean ikasten ari direnak eta hori nabari dute. Hala ere, hemen lan karga gehiago daukate gure unibertsitateetan baino.

 

“Gure lantaldean, gehienak txinatarrak dira”

NOAUA! Eramus egitean sarri euskaldun edo espainiarrekin elkartzeko ohitura izaten du jende askok. Zeure kasuan ere hala da ala finlandiarrekin ematen al duzu denbora gehiago?

Enara Arruti: Asteburuetan planak egiteko bi taldetxo dauzkat. Erdaldun batzuekin ibiltzen naiz eta euskaldun batzuk ere ezagutu ditut. Lehenak ikasten ari dira edo praktiketara hona etorritakoak dira, eta euskaldunak berriz, ni baino zaharragoak dira eta bertan bizi dira lan arrazoiengatik. Unibertsitatean, lanean ari naizen departamentuan nazioarteko jende asko dago. Gure lantaldean gehienak txinatarrak dira, baina bulegoan denetarik dago: finlandiarrak, asiarrak, amerikarrak… denetik dago.

 

Helsinkin ere nazioarteko jende asko ikusten da edo bertakoez gain, ez da bestelako jende askorik ikusten?

Atentzioa deitzen dute bertakoek, oso ilehoriak eta ezberdinak baitira. Hala ere, mundu zabaleko jendea ikusten da kalean. Kontuan hartu behar da ingelesez oso ondo hitz egiten dutela bertakoak, oso maila altua daukate. Oso heldua den jendeak ere ezinhobe hitz egiten du ingelesez eta komunikatzeko ez daukagu inolako arazorik. Orokorrean, hala ere, esango nuke gehiengoa finlandiarra dela nahiz eta denetarik aurki daitekeen.

 

“Ezagutzen ez duten jendearekin hitz egiteko ohiturarik ez dute”

NOAUA! Zu zeu zer moduz moldatzen zara ingelesarekin?

Iritsi aurretik nahiko ahaztuta neukan. Urte asko ziren jada akademia amaitu nuenetik. Pixkanaka hobetzen ari naiz eta hasieran kosta egin bazitzaidan ere, lanean dena ingelesez hitz egin beharrak gehiago praktikatzeko aukera eman dit eta eroso sentitzen naiz hizkuntza horrekin.

 

ENARA ARRUTI

“Euskaldunak irekiagoak gara, Finlandiarrak baino gehiago animatzen gara ezezagunekin hitz egitera”

 

Iparraldeko herrialde horietako biztanleak oso hotzak eta serioak direla iruditzen zaigu. Hala al dira?

Hasiera batean, kanpotarrei hitz egitera ez dira animatzen. Zerbait kulturala dela uste dut, eta ez daukate ezagutzen ez duten jendearekin hitz egiteko inolako ohiturarik. Ikuspuntu horretatik gu irekiagoak gara, gehiago animatzen gara ezezagunekin hitz egitera finlandiarrak baino. Hemengoek ez daukate ohitura hori eta kalean ez diote elkarri hitz egiten. Behin ezagutzen dituzunean, ordea, gure oso antzekoak direla esango nuke. Saunak aprobetxatzen dituzte ezezagunekin harremantzeko. Sauna publiko batera joatean, denak animatzen dira ezezagunekin hitz egitera, eta oso deigarria egiten zait, kalean ez baitute hitz bat bera ere egiten ezagutzen ez dute horiekin. Saunetan erabat irekitzen dira eta parrandan ere berdin. Behin alkohol pixka bat edanda beste pertsona bat bilakatzen dira.

 

Pandemia garaian tokatu zaitu Eramus esperientzia bizitzea. Nola daude orain neurriak han?

Gu iritsi ginenean oraindik neurri asko zeuden indarrean. Tabernak oso goiz ixten zituzten eta dendak ere bai. Kalean ez zen inor egoten ez zegoelako inora sartzerik eta hemen hotz handia egiten du neguan. Otsaila amaieran neurri horiek kendu egin zituzten eta nahiko egoera normala da nagusi ordutik. Musukoa ez da derrigorra ez kalean ez leku itxieran, baina gomendatu egiten dute. Beraz, supermerkatuetan edo garraio publikoan denetarik ikusten da; batzuk musukoarekin ibiltzen dira eta beste batzuk gabe. Bakoitzaren erabakiaren esku dago erabaki hori.

 

Finlandiatik itzultzen zarenerako zein asmo dituzu?

Printzipioz master bat egingo dut Mondragon unibertsitatean ingeniaritza industrialari buruzkoa. Bi urteko masterra da eta Arrasaten egingo dut. Ondoren, bigarren urtean berriz ere aukera izango dut masterreko proiektua kanpoan egiteko hala nahi izanez gero, baina hori aurrerago erabakiko dut hartu edo ez.

 

“Hotz handia egiten du hemen”

NOAUA! Zerbait botako duzu faltan etxetik.

Enara Arruti: Lehenik eta behin, janaria. Hemen hotz handia egiten du eta ez dago ia haragirik. Behiak edo txerriak hazteko ez da eguraldi egokia. Haragirik ez dago eta jateko ohiturak ere ez dira berdinak. Ia janari guztia inportatua da: barazkiak, haragia… Jaki asko botatzen ditut faltan. Eguraldia ere botatzen dut faltan. Badirudi orain udaberriarekin pixka bat epelago egiten duela eta eguna ere luzatzen ari dela. Otsailean izugarrizko hotza egiten zuen, oso goiz ilundu eta ia egunero elurra. Oso eguraldi tristea zen. Eguzkia faltan botatzen nuen. Pixkanaka hori hobetuz joan da udaberria iritsi ahala eta orain askoz ere hobeto.

 

Jateko ohiturak ezberdinak direla aipatu duzu. Zein zentzutan?

Ordutegi oso ezberdina dute. 11:00k aldera bazkaldu egiten dute eta 16:30-17:00 aldera afaltzen dute. Patata izugarri jaten dute, Europako beste leku askotan bezala. Arrainari dagokionez, izokina baino ez daukate eskuragarri. Hori da ia jaten duten arrain bakarra. Haragia, berriz, oilaskoa jaten dute, baina hortik aurrera gutxi gehiago. Hala ere, guk inoiz jaten ez dugun haragi bat jaten dute; elur-oreinaren haragia, hain zuzen. Nahiko garestia izaten da, eta beraz, ez dute egunero jaten, bain bertako gastronomiako plater berezi bat da. Egun berezietan edota ospakizunetan jaten dute, batik bat.