Aurreko urteetan gizonezko txirrindularien Itzuliak zeharkatu izan du Usurbil, aurten ez. Lehen aldiz ospatuko den emakumezkoen Itzuliko partaideak udalerri hau nola zeharkatzen ikusi ahalko dugu. "Itzulia Women" 2022 Usurbildik igaroko da maiatzaren 15ean, igandearekin. Hala berri eman dute antolatzaileek astearte honetan egin duten ekimenaren aurkezpenean.
Hilaren 13an abiatuko den txapelketako hiru etapetan azkena izango da, luzeena. Donostia izango du abiapuntua eta helmuga. Zehaztasun gehiagoren faltan eta ibilbidearen mapa eskutan, bitan zeharkatu behar lukete parte hartzaileek Usurbil, N-634 errepidetik barrena. Lehenbizi Oriorantz, han udalerri barruan itzulia egin eta Aiara igo ostean berriz Oriora jaitsi eta bueltan Usurbila etorriko lirateke. Hernani, Errenteria, Oiartzun eta Irun ere zeharkatzekoak dira txirrindulariak.
Aipatu moduan, aurretik beste bi etapa ospatuko dira emakumezkoen lehen Itzuliaren baitan. Lehenbizikoa, maiatzaren 13koa Araban jokatuko da, Gasteiz eta Bastida artean. Biharamunekoa Bizkaian, Mallabian hasi eta udalerri berean amaituko da.
"La Vuelta" ere Usurbildik
Ez da lehen aldia. Aurten ere Espainiako "La Vuelta" txirrindularien itzuliak ere Usurbil zeharkatuko du. Bere bosgarren etapan izango da, abuztuaren 24an. 187 kilometro luze izango dituen ibilbideak Irun eta Bilbo lotuko ditu. 26. kilometroa izango da Usurbilgoa. Txirrindulariak Donostia aldetik helduko dira N-634 errepidean barrena eta Orio aldera joko dute gero.
"ITZULIA WOMEN 2022" USURBILDIK
Eguna: maiatzak 15, igandea.
Abiapuntua/helmuga: Donostia.
Ibilbidea: 139,8 kilometro.
Zehaztasunak: Donostiatik abiatu eta Aia, Orio, Usurbil, Hernani, Oiartzun, Errenteria edota Irun zeharkatuko ditu.