Hirugarrenean bai. 2020ko eta iazko edizioak osasun krisialdiagatik bertan behera utzi behar izanda aurten bai, bueltan dator usurbildarren jai egun kuttunena. 39. Sagardo Eguna maiatzaren 22an ospatuko da. Prestaketa lan betean dira antolatzaileak. Hitzordu honi begirako adierazpena helarazi diote Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek NOAUA!ri.
"Bi urte gogor hauen ondoren, berriz ere hemen dator usurbildarrontzat hain garrantzitsua eta handia den eguna", iragarri dute. Pozik ekin diete antolakuntza lanei, baina berri eman dutenez, "ez zaigu erraza egin berriz ere egun hau antolatzen hastea eta inoiz baino herritarren laguntza haundiagoa beharko den urtearen aurrean jarri gaitu honek".
NOAUA!ri helarazitako komunikatuan ohartarazi dutenez, "urteak pasa, urteak etorri, Gipuzkoako Sagardo Elkartetik gero eta arazo handiagoak jartzen dizkigute sagardoa lortzeko eta Sagardo Eguna (gure herriko formatuan) aurrera eramateko; horrenbestez eta oraingoz behintzat, harremanak etetea erabaki behar izan dugu".
Azalpen gehiago, segidan duzuen adierazpenean.
USURBILGO SAGARDO EGUNAREN LAGUNEN ADIERAZPENA
Kaixo Lagunok:
Gogoratzen duzue azken Sagardo Eguna? Sagardoa dastatzeko gogoz zaudete?
Bi urte gogor hauen ondoren, berriz ere hemen dator usurbildarrontzat hain garrantzitsua eta handia den eguna. Hemen da XXXIX. Usurbilgo Sagardo Eguna!
Ilusio handiz hasi arren, ez zaigu erraza egin berriz ere egun hau antolatzen hastea eta inoiz baino herritarren laguntza haundiagoa beharko den urtearen aurrean jarri gaitu honek.
Urteak pasa, urteak etorri, Gipuzkoako Sagardo Elkartetik gero eta arazo handiagoak jartzen dizkigute sagardoa lortzeko eta Sagardo Eguna (gure herriko formatuan) aurrera eramateko; horrenbestez eta oraingoz behintzat, harremanak etetea erabaki behar izan dugu.
Usurbilgo Sagardo Egunak 39 ekitaldi beteko ditu aurten, Euskal Herri osoko zaharrenetarikoa eta aitzindaria izanik, tratu berezia ematen digutela diote, baina aurtengo baldintzak bete ahal izatea, ezinezkoa izan da guretzat. Nola ez, arazo guztiaren atzean, dirua dagoelarik.
Egoera honetaraino iritsita eta sagardoa orain arte bezala dohainik lortzea ezinezkoa dela garbi dagoenez, gure aldetik, sagardotegiekin banan‐bana hitz egitea erabaki dugu eta denentzat onargarria egin daitekeen kopuru txiki berdin bat eskaini diegu.
Denetariko erantzunak jaso ditugu, baina orokorrean, pozik gaude jasotako emaitzarekin. Aldez aurretik mila esker egoera ulertu eta baiezkoa eman diguzuenoi, Sagardo Eguna aurrera eramateko ezinbestekoak izan zarete.
Ez dugu aipatu gabe utzi nahi, Udalak lehen momentutik erakutsi digun konpromiso eta emandako laguntza, denon artean egun hau posible izateko beharrezkoa hau ere.
Hau dena horrela izanik, herritarron txanda da orain, jarrai ezazue beti bezala gure Sagardo Eguneko edalontzi eta pintxoak erosten, gure diru iturri haundiena dira eta egun hau ospatzen jarraitu nahi badugu, funtsezkoa zaigu zuen parte hartzea.
Irrikitan gaude berriz ere herriko plaza, frontoi eta kaleak gainezka ikusteko, barre, algara, musika eta dantzaz alaitzeko eta zuek ere halaxe egotea espero dugu.
Egun gutxi barru ikusiko dugu elkar. Aurten bai, kolosala izango da!!! Gora Usurbilgo Sagardo Eguna!
Usurbilgo Sagardo Egunaren lagunak