Maiatzaren 22an

39. Sagardo Egunari begira, atzera kontaketa betean

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 12a, 12:35

2019az geroztik ospatu ezin izan den Sagardo Eguna plazara bueltan datorkigu maiatzaren 22an. Egitaraua prest du jada Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeak.

Bueltan datorkigun 39. Sagardo Egunera begirako atzera kontaketa betean da udalerri hau, kuttunena duen urteko jai egun nagusiaren itzulerari begira. N-634 errepidean, antolakuntzak herriko sarbideetan jarriak ditu jada hitzordua iragartzeko kartel erraldoiak. Une honetan, 10 egun baino ez dira falta, 2019az geroztik ospatu ezin izan dugun Sagardo Egunaren itzulerarako. Osasun krisialdiak 2020 eta 2021eko edizioak bertan behera uztera behartu ostean, jai girorako egarriz denak, ate joka du festa egun handia.

Argi denez, maiatzaren 22an garai bateko moduan, 2019ra arte ospatu bezala biziko dugu 39. Sagardo Eguna. Gogoan izan, urteotako osasun krisialdiagatik 2020an eta 2021ean Sagardo Eguna etxetik ospatzeko deia egin zuen antolakuntzak.

Plazara itzuliko da aurtengoan, maiatzeko laugarren igandean. Ohiko hitzorduekin. Goizez ospatuko da sagardo dastaketa, 11:30-14:30 artean frontoiaren eta ondoko plazen bueltan. Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek aurreratu dutenez, "baserriko zein sagardotegi ezberdinetako sagardoa dastatzeko aukera" izango da. Eta edaria bultzatzeko, "pintxo aukera zabala".

Sagardoa zerbitzatzen ohi bezala, herritar bolondres sare zabal bat ariko da. Haiek guztiak talde argazki batean erretratatuak izateko hitzorduak emango dio hasiera hain zuzen, 39. edizioari. Goizean lanean jardun ostean, bazkaritarako bilduko dira. 

Eta arratsaldea musikaz blai biziko dugu, "Matraka" izeneko elektrotxarangako kideekin. Festa giroa plazara bueltan berriz, maiatzaren 22an.


USURBILGO 39. SAGARDO EGUNA
Maiatzak 22, igandea
11:00 Botatzaileen argazkia.
11:30 Irekiera. Baserriko zein sagardotegi ezberdinetako sagardoa dastatzeko aukera. Honetaz gain, pintxo aukera zabala.
14:30 Sagardo dastaketaren itxiera.
15:00 Botatzaileen bazkaria.
18:00-21:00 "Matraka" Elektrotxaranga kaleetan zehar.

Antolatzailea: Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak.