Azken ostirala

Maiatzaren 7ko mendi martxaz argibide gehiago, Sareren ostiraleko elkarretaratzean

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 28a, 10:00

Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea apirileko azken ostiral honetan Sarek deituta. Maiatzaren 7rako bestalde, mendi martxa antolatu dute Oriora.

Apirileko azken ostirala gaur, Sarek deitutako elkarretaratzea arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. Mobilizazioarekin batera ordea, bigarren deialdi bat ere iragarri du Usurbilgo Sarek, maiatzaren 7rako hain zuzen. "Etxerako bidea saretzen" aldarripean, ekimen eguna antolatu dute Orion. Eta hara joateko martxak inguruko herrietatik.

Zutabeetako bat hain zuzen, Lasarte-Oriako Okendo plazatik abiatuko da goizeko 9:15ean eta 10:00ak aldera heltzekoak dira Usurbila. Udalerri honetan, bi herrietako jendea batuta mendi martxan joango dira Orioraino; ekitaldia, kontzertua, haurren txokoa... iragarri dute hilaren 7an alboko udalerrian. Tartean baita bazkaria ere. Txartelak Usurbilen, Aitzaga, Txiriboga eta Benta tabernetan eskuratu ahalko dituzue.

Helmuga, urriaren 8an Donostian
Datozen asteotan halako hamaika ekimen egingo dira Hego Euskal Herri osoan. "Izan Bidea dinamikaren baitan ezarritako erronkan kilometroak batzea helburu izango dute mobilizazio hauek, urriaren 8an Donostian emango diogularik amaiera erronka erraldoi honi". 

Parte hartzeko gonbita luzatu dute Saretik. "Egin ditzagun guztion artean 3.127.326 kilometro elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean! Eta batu gaitezen datorren urriaren 8an Donostian azken kilometroak elkarrekin egin ditzagun".

SAREREN MOBILIZAZIOAK
Apirilak 29, ostirala
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Maiatzak 7, larunbata: “Etxerako bidean Saretzen” eguna Orion
10:00 Lasartetik etorriko den zutabearekin bat eginez, Usurbilgo plazatik mendi martxa
Oriora.
13:30 Ekitaldia.
14:00 Bazkaria. Txartelak: Txiribogan, Aitzagan eta Bentan salgai.
17:30 Kontzertua: Distopia elektrotxaranga. Jokoak, haurren txokoa…

Antolatzailea: Sare.