Oraindik orain "garrantzitsua da, erabakigarria, mobilizatzen jarraitzea, euskal errepresaliatuek pairatzen dituzten eskubideen urraketak salatzen jarraitzea, ahal dugun esparru guztietan. Data garrantzitsuak hurbiltzen ari dira kalera irteten jarraitzeko eta blokeoarekin amaitzea lortzeko".
Hala ohartarazi dute apirileko azken ostiralean, hilero moduan, Sarek deituta Mikel Laboa plazan egin duten elkarretaratzean. Euskal presoek pairatzen segitzen duten salbuespenezko espetxe politikaren beste adierazleetako bat hartu zuten hizpide hilaren 29ko mobilizazioan; espetxeetako ibilbide juridikoa. "Juristek, abokatuek eta gizarte-eragileek salatu dute azken asteetan. Auzitegi Nazionalak eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak tratamendu-batzordeek, presoa hobekien ezagutzen dutelarik, proposatzen dituzten irteera-baimenak eta hirugarren graduak oztopatzen jarraitzen dute", salatu du Sarek.
Zenbakitan, "Euskal Herritik kanpo dauden espetxeetan dauden 85 pertsonek euskal kartzeletan egon beharko lukete. Espetxe-legeria arrunta aplikatuko balitzaie, euskal preso gehienek askatasuna ezagutu beharko lukete, modu batean edo bestean. Hor dugu, adibidez, Joseba Arregiren kasu paradigmatikoa. 75 urte, multipatologiak dituelarik eta 30 urte espetxean daramatzala, oñatiarrak Espainiako zigorraren hiru laurdenak bete zituen 2019an, ez zaizkio zenbatu Frantziako zigorraren 10 urteak, eta, orain, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak Martuteneko espetxeak emandako hirugarren graduaren aurkako errekurtsoa aurkeztu du". Kasu gehiago. "Eskubideez ari gara, Anjel Aldana eta Txetxu Urteaga euskal deportatuei uko egin zieten eskubide berberez, duela 6 eta 2 urte hil zirenak etxera itzuli gabe. 33 erbesteratuen itzuleraz ari gara; Nekane Txapartegik bezala, etorkizuneko euskal gizartea eraikitzen laguntzeko eskubidea du".
Orioko mendi martxara
Aipatu moduan, mobilizatzen jarraitzeko garrantzia nabarmendu zuen Sarek apirileko azken ostiraleko elkarretaratzean. Hurrengo hitzordua, maiatzaren 7an: mendi martxara Oriora. Egun horretan zutabe ezberdinak abiatuko dira Oriorantz, inguruko herrietatik; Adunatik, Amasa-Villabonatik, Andoaindik, Asteasutik eta Zizurkildik. Beste zutabe bat Lasarte-Oriatik goizeko 9:15ean. 10:00etan Usurbilen izango dira eta zutabe horrekin bat egiteko aukera izango da. Hortik mendi martxa Oriora.
Orion elkartuko dira aipatu herri guztiotatik abiatutako martxak. Egun osoko egitaraua prestatu dute bertan, "Etxerako bidean Saretzen" aldarripean. Usurbilgo Sarek hitzorduotan parte hartzeko gonbita luzatu du.
Antzeko ekimenak bideratuko dira Sareren eskutik asteotan Hego Euskal Herri osoan, "Etxerako bidea gertu!" aldarripean. Parte hartzeko gonbita luzatzen dute. "Egin ditzagun guztion artean 3.127.326 kilometro elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean! Eta batu gaitezen datorren urriaren 8an Donostian azken kilometroak elkarrekin egin ditzagun".
Hain zuzen azken urteotan Sarek euskal presoen auziari konponbidea galdegiteko "Izan Bidea" dinamika sustatu du. Horren baitan "ezarritako erronkak kilometroak batzea helburu izango duten mobilizazio" hau urriaren 8an Donostian emango zaie amaiera. Urriko bigarren larunbat horretan, manifestazio "koloretsua" iragarri du Sarek eta arratsalde parterako musika jaialdia Illunben, besteak beste, Su Ta Gar, Doctor Deseo, Belako, Zea Mays, Esne Beltza... taldeekin. Haurrentzako gunea ere izango da, jan-edana...
MENDI MARTXA ORIORA
Maiatzak 7, larunbata: “Etxerako bidean Saretzen” eguna Orion
10:00 Lasartetik etorriko den zutabearekin bat eginez, Usurbilgo plazatik mendi martxa
Oriora.
13:30 Ekitaldia.
14:00 Bazkaria. Txartelak: Txiribogan, Aitzagan eta Bentan salgai.
17:30 Kontzertua: Distopia elektrotxaranga. Jokoak, haurren txokoa…
Antolatzailea: Sare.