Kantu-jira

Giro alai askoan aritu dira abesten, plazara itzulitako Kantu Taldeko kideak

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 30a, 14:21

Osasun krisialdiak behartutako bi urteko etenaldi luzearen ostean, hileroko kalejira ospatzera itzuli dira Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideak.

Giro alai eta goxo askoan, euskal abestiez blaitu digute Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideek apirileko azken larunbat eguerdi hau. Eguerdiko 12:00etan batu dira Mikel Laboa plazan eta handik, herrian barrena euskal abestien jiran ibili dira, Jaione Eskudero Udarregi Ikastolako musika irakaslearen gidaritzapean.

Gogoan izan, 2020ko otsaila amaieran eskaini zuten azken emanalditik bi urteotako osasun krisialdiak halako hitzorduak ospatzea eragotzi die.Neurri murriztaile gehienak bertan behera utzita plazara itzultzea erabaki zuten duela hilabete. Ordutik, garai bateko hileroko azken larunbatetako ohitura berreskuratu dute. Gaurkoa zuten, osasun krisialdiak behartutako etenaldiaren osteko bigarren saioa.

Egutegia eskutan, hurrengoa, maiatzaren 28an izango da. Abiapuntu bera izango du; eguerdiko 12:00etan Mikel Laboa plazatik ekingo diote kantu-jirari. Ez ahaztu, antolatzaileek sarritan gogorarazi nahi izaten duten oharra; kantu-liburuxka eraman ekitaldira. Ordura arte, bitartean, astelehenero biltzen segiko dute. Entsegu saioak ere berreskuratu baititu Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Astelehenero biltzen dira, arratsaldeko 18:00etan Agerialdeko musika eskolan.