Mugimendua bizitza bada, herria gogotik bizitu dutela nabarmendu daiteke gaurkoan. Orbeldi D.T.-k 5. Dantzari Topaketa antolatu du larunbat honetan. Usurbildarrek harrera egin diete apirileko azken larunbat honetarako iragarriak zituzten hitzorduetarako bidelagunei; Beasaingo Aurtzaka, Igorreko Arantzarte eta Iruñeako Ordatzar taldeetako kideei. Haiekin kalejira koloretsu eta bizia egin dute herrian barrena, giro eguzkitsua eta tokian tokiko musikariak bidelagun zituztela.
Mikel Laboa plaza edota Artzabalen egin dituzte geldialdiak. Bordatxo pareko biribilgunea ere dantzak inguratu du gaurkoan. Dantzari helduen topalekua izaten ari da gaurkoa Usurbil. Astebete barru gaztetxoenek hartuko diete lekukoa:
3. Dantzari Txiki Eguna
Maiatzak 7, larunbata
10:00 Harrera dantza-talde gonbidatuei: Hernaniko Ttarla, Zarauzko Jalgi, Urnietako Egape eta Oiartzungo Haurtzaro.
11:00 Kalejira udaletxetik abiatuta.
13:00 Dantza-emanaldia frontoian.
17:30 Dantza gidatuak Ttipika taldearekin frontoian.
Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.