Sukaldariak UEMA-ren udalekuetarako
UEMA-k ekainaren 27tik uztailaren 3ra udalerri euskaldunetako 14-18 urteko gazteentzat Tolosa eta Etxarri Aranaztik Leitzara antolaturiko udaleku ibiltarietan lan egiteko sukaldariak behar dituztela jakinarazi dute. Interesdunek curriculumak arnasguneak@uema.eus helbidera bidali behar dituzte maiatzaren 13a baino lehen. Lan esperientzia, euskararekiko sentsibilizazioa eta taldean lan egiteko erraztasuna baloratuko dira hautaketan. Informazio gehiago behar duenak, 633 646 996 telefono zenbakira deitu dezake.
Zuzendari eta begiraleen lan-poltsa Udajolaserako
Udajolasen lan-poltsa ere osatu nahi dugu. Aisialdi ekimen honetan lan egiteko poltsa osatzeko zuzendari eta begiraleak behar ditugu urtero moduan. Batetik, bi hilabeteko esperientzia izatea eskatzen da, baita begirale edota zuzendari titulua izatea ere, EGA edo baliokidea den agiriarekin batera. Dokumentuoz gain, sexu delitua egiteagatiko aurrekari penalak ez dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu behar da. Usurbildarrek izango dute lehentasuna.
Udajolasen parte hartzeko izen ematearekin batera itxiko da lan-poltsarako kurrikuluma eta aipatu agiriak aurkezteko epea ere; maiatzaren 5ean hain zuzen. Agiriok elkartea@noaua.eus helbidera helarazi edota NOAUA! K.E.-ren egoitzara (Bordaberri, 3) ekarri daitezke.
NOAUA! banatzeko
NOAUA! astero herriko postontzietan banatzeko lan-poltsa osatu nahi dugu, sor daitezkeen beharrei erantzun ahal izateko. Interesdunek email bat bidali dezatela elkartea@noaua.eus helbidera edo deitu, 943 360 321 telefono zenbakira.
Udal kirol teknikaria
Usurbilgo Udalak “2020ko Enplegu Publikoetako Eskaintzetan jasota dagoen kirol saileko burua plaza lehiaketa-oposizio sistema bidez betetzeko deialdia” plazaratu du. Lan deialdi honetara aurkezten direnei besteak beste, “Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua edo baliokidea izatea edo baliokidea edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izana” eskatuko zaie. Eskabideak, aurkezteko 20 eguneko epea izango dute interesdunek, “Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik” zenbatzen hasita, usurbil.eus atarian edo udal erregistroan. “Oposizioaren proba guztiak gainditu eta izendatuak ez diren izangai guztiak” Udalak osatuko dituen bi lan-poltsetan sartuko dira. Informazio gehiago, apirilaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.