Udajolasen parte hartu edo lan egiteko deialdietan izen emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 5a, 08:26

Adi, ostegun hau, maiatzaren 5a baita, Udajolasen parte hartu nahiz lan egin nahi dutenentzat izen emateko azken eguna. Baita Udalaren hobariak tramitatzekoa ere.

Ixtear dugu, apirilaren 25ean zabaldu genuen matrikulazio epea. NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolasen izena emateko azken eguna duzue ostegun hau, maiatzaren 5a. Aisialdi ekimenari lotutako hiru deialdi daude martxan: parte hartzaileentzat izen ematea, zuzendari eta begiraleen lan-poltsa eta Udalari hobariak eskatzeko aukera.

Gaztetxoen izen ematea
4-12 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzendua dago Udajolas, HH3-LH6 mailen artean ikasten ari direnei. Haiek izena eman dezakete beraz NOAUA! K.E.-ren eta Udalaren ekimenean. Online apuntatu beharko da, web orrialde honetan bertan, "Udajolas" atalean klikatuta. Atal horretan dituzue izen emateko argibideak (aurkeztu beharreko dokumentazioa, ordainketa nola egin...) baita Udajolas ekimenari buruzko nondik norako guztien berri ere. Uztailaren 4tik 29ra luzatuko da Udajolas; astelehenetik ostiralera, lau orduz, 9:30-13:30 artean. Gehienez 200 gaztetxorentzako lekua egongo da Udajolasen. 

Hobariak
Udajolaseko kuota ordaintzen laguntzeko udal hobariak jaso daitezke. Errentaren araberako hobariak aplikatuko dira, beti ere, aurrez Udalak onartutako ziurtagiria aurkeztuta. Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez, "Udajolasen hobariak jaso ahal izateko, beharrezkoa izango da onuradun izaera aitortua izatea izena eman aurretik. Hobaria jasotzeko eskaria egitetik ebazpena jasotzera, gutxienez, 15 eguneko tartea behar izaten da, eta, gehienez, hilabete inguru".

Beraz, hobariak jasotzeko interesa duten herritarrei ahal bezain laster eskatzea gomendatu du Udalak asteotan. "Hobariak aurtengo Udajolasen aplikagarri izateko, maiatzaren 5erako erabakita egon behar du udal-hobarien eskariak".

Lan-poltsa
Udajolasen lan egiteko poltsa osatzeko zuzendari eta begiraleak behar ditugu urtero moduan. Batetik, bi hilabeteko esperientzia izatea eskatzen da, baita begirale edota zuzendari titulua izatea ere, EGA edo baliokidea den agiriarekin batera. Dokumentuoz gain, sexu delitua egiteagatiko aurrekari penalak ez dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu behar da. Usurbildarrek izango dute lehentasuna. 

Udajolasen parte hartzeko izen ematearekin batera itxiko da lan-poltsarako kurrikuluma eta aipatu agiriak aurkezteko epea ere; ostegun honetan, maiatzaren 5ean hain zuzen. Agiriok elkartea@noaua.eus helbidera helarazi edota NOAUA! K.E.-ren egoitzara (Bordaberri, 3) ekarri daitezke.