Badatoz bueltan, bi urteko etenaldiaren ostean herriko jaiak ere. Momentuz Jai Batzordetik jakitera eman dutenez, ekainaren 29tik uztailaren 3ra ospatuko dira Santixabelak. Bost festa egun beraz. Oraindik ezin jakin ordea, zer izango dugun jaietan. Ekitaldien agenda sukaldatze lan betean dute Jai Batzordean. Ohi bezala, etxe guztietara banatuko duten egitarau bidez kaleratuko dute.
Egitarauaren itxura, osasun krisialdian murgildu arteko festetan lehiaketa bidez erabakitzen zuen Jai Batzordeak eta txapelketa hau berreskuratzea erabaki dute aurtengoan, Santixabelen itzulera urte honetan hain zuzen. Abian dute, Usurbilgo festetako egitaraua diseinatzeko lehiaketa. Maiatzaren 25era arte aurkeztu daitezke sortze lanak. "Herritarren kultur sormena bultzatu" asmo duen ekimena usurbildarrei zuzendua dago.
Nola aurkeztu
Diseinu lanari dagokionez, lehenbizi Potxoenean egitarauko testua eskuratu beharra dago edo bestela kultura@usurbil.eus helbidean galdegin. Testu horretan oinarritu beharko da eta sortze lana, euskaraz, neurri librean. Udalaren logoa erantsi beharko zaio. Lanak paperean eta euskarri digitalean (CD edo pendrive batean, PDF formatuan) aurkeztu beharko dira, bi gutunazaletan. Bietan egilearen izengoitia, A edo B gutunazala den eta "Santixabel egitarauaren lehiaketa" adierazi beharko da. "Izengoitia ez den beste izenik erabiltzen bada identifikatzeko, eta izen horrek parte-hartzailea zein den jakiteko bidea ematen badu, parte hartzaile hori lehiaketatik kanpo geldituko da".
A gutunazalean, "aurkezleari buruzko datuak bilduko dira: izen-abizenak edo taldearen izena, IFZ/IFK, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta hura identifikatzeko behar den beste edozein datu". B gutunazalean, "proposatzen den diseinua joango da, euskarri digitalean eta paperean".
Nahi adina sortze lan aurkeztu daitezke, norbanako gisa, edo taldean eta "taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun". Modu batean edo bestean ordea, lanek aurrez argitaratu gabeak eta originalak izan beharko dute. "Aurkeztutako lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da".
Jai Batzordeko bi kideek, diseinu arloan ezagutza duten bi kideek eta kultura zinegotziak osatuko duen epaimahaiak erabakiko du. "Erabakia hartzeko orduan, garrantzia handia emango zaio, besteak beste, egitaraua erraz irakurtzeko modukoa izateari". Txapeldunak 500 euroko saria irabaziko du eta bere sortze lana etxe guztietara heltzeko aukera.
Lehiaketa honen oinarrien informazio osoa esteka honetan eskura dezakezue: https://labur.eus/IABeg
Informazio gehiagorako, deitu 943 377 199 telefono zenbakira edo kultura@usurbil.eus helbidean.