Abizenak euskalduntzeko kanpaina martxan

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 5a, 09:41

Abizenaren grafia euskalduntzeko kanpaina abiararazi dute Buruntzaldeko udaletako euskara zerbitzuek. Bake Epaitegian tramitatu daiteke aldaketa hau.

"Apelliduak abizendu" izeneko ibilbide luzea duen Buruntzaldea mailako kanpaina bueltan da. Martxan jarri dute eskualdeko udaletako euskara zerbitzuek. Leloak dioen moduan, abizenaren grafia euskaraz jartzea du xede egitasmo honek. Ohikoa den adibidea baliatuta, "ch" duten abizenak "tx" izateko egokitzea, edota "V"-a dutenak "B-arekin idatzi ahal izatea...

Abizenak euskalduntzeko egin beharrekoa oso erraza dela gogorarazi dute Buruntzaldeko udaletako euskara zerbitzuek. Kale Nagusia 4an kokaturiko Usurbilgo Bake Epaitegira joan beharra dago. 9:00-14:00 artean irekitzen dute, astelehen, asteazken eta ostiraletan. Bertara joanda, dokumentu sorta bat aurkeztu beharra dago. Batetik errolda-agiria. "Udal bulegoetan egiten dena edo elektronikoki euskara daitekeena", argitu dute Buruntzaldeko udaletako euskara zerbitzuek. Nortasun agiriaren kopiarekin batera, jaiotza-agiri literala ere aurkeztu behar da. Hau, Bake Epaitegian bertan tramitatu daiteke. Adi, "Donostian erregistratuta daudenek Donostiako Erregistro Zibilera joan behar dute, Kalkutako Teresa plazara". Familia-liburua ere aurkeztu beharra dago, "ezkondua egon edo seme-alabarik izanez gero".

Informazio hau biltzen duen eskuorria prestatu eta gazteen artean banatzen hasia da Usurbilgo Udala. Halere, "adin tarte horretakoa ez den edonork abizenaren grafia euskaraz jarri nahi badu, eskualdeko udal euskara zerbitzuetara jo dezake". Bestela atari honetan ere informazio gehiago jaso daiteke: euskara.buruntzaldea.eus/euskara helbidean

Bake Epaitegiarekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue:
943 372 336
bakeepaitegia1@usurbil.eus