Sareren mendi martxa Oriora

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 7a, 10:29

Lasartetik zetorren zutabearekin bat eginez, Oriorantz abiatu dira 10:00ak pasatxoan Sarek antolaturiko mendi martxako partaideak. Euskal presoen eskubideen aldeko ekimen eguna dute gaur Usurbil alboko udalerrian.

Euskal presoen eskubideen alde mobilizatzeko eguna gaur Orion. Adunatik, Amasa-Villabonatik, Andoaindik, Asteasutik edota Zizurkildi herritar zutabeak Usurbil alboko udalerrira bidean abiatu dira larunbat goizean. Lasartetik ere bai; Mikel Laboa plazara heldu dira 10:00ak aldera. Usurbildarrek batu dira martxara eta Oriora bidean dira jada.

"Etxerako bidean Saretzen" aldarripean mobilizazio eguna larunbat honetan Orion, Sarek antolatuta. Orion elkartuko dira aipatu herri guztiotatik abiatutako martxak. Egun osoko egitaraua prestatu dute bertan, "Etxerako bidean Saretzen" aldarripean.

Helmuga, Donostian
Antzeko ekimenak bideratuko dira Sareren eskutik asteotan Hego Euskal Herri osoan, "Etxerako bidea gertu!" aldarripean. Parte hartzeko gonbita luzatzen dute. "Egin ditzagun guztion artean 3.127.326 kilometro elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean! Eta batu gaitezen datorren urriaren 8an Donostian azken kilometroak elkarrekin egin ditzagun".

Hain zuzen azken urteotan Sarek euskal presoen auziari konponbidea galdegiteko "Izan Bidea" dinamika sustatu du. Horren baitan "ezarritako erronkak kilometroak batzea helburu izango duten mobilizazio" hau urriaren 8an Donostian emango zaie amaiera. Urriko bigarren larunbat horretan, manifestazio "koloretsua" iragarri du Sarek eta arratsalde parterako musika jaialdia Illunben, besteak beste, Su Ta Gar, Doctor Deseo, Belako, Zea Mays, Esne Beltza... taldeekin. Haurrentzako gunea ere izango da, jan-edana...

MENDI MARTXA ORIORA
Maiatzak 7, larunbata: “Etxerako bidean Saretzen” eguna Orion
10:00 Lasartetik etorriko den zutabearekin bat eginez, Usurbilgo plazatik mendi martxa
Oriora.
13:30 Ekitaldia.
14:00 Bazkaria. Txartelak: Txiribogan, Aitzagan eta Bentan salgai.
17:30 Kontzertua: Distopia elektrotxaranga. Jokoak, haurren txokoa…

Antolatzailea: Sare.