3. Dantzari Txiki Eguna

Plaza hartzeko gogoz, dantzari belaunaldi berria

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 7a, 16:07

Dantzari gaztetxoen jaialdia gaur Usurbilen, Orbeldikoen eskutik. Kalejira batekin, belaunaldi berria dantzarako gogoz datorrela erakutsi dute goiz partean.

Dantzari belaunaldi berriari plaza eskaini dio gaur Usurbilek, Orbeldikoen eskutik. Udaberrian zehar antolatu dituen 10. Dantza Egunaren eta helduen dantza topaketaren ondotik, gaztetxoenei eskainitako eguna gaurkoan. Duela astebete egin bezala, Orbeldik kasu honetan Gipuzkoako lau herrietako dantza talde gazteak gonbidatu ditu gure artera; Hernaniko Ttarla, Zarauzko Jalgi, Urnietako Egape eta Oiartzungo Haurtzaro.

Oiardo Kiroldegian harrera egin eta emanaldirako prestatu ostean udaletxerainoko bidea egin ostean bertan eman diete ongi etorria, gerora kalejiran bidelagun izango zituztenek, talde bakoitzak txistulariak lagun zituela. Joxe Martin Sagardia plazan taldeko argazkia atera eta Kale Nagusitik barrena, dantza giroa herrian barrena barreiatzen hasi dira.

Lehen geltokia Olanoenean, bigarrena Artzabalen. Batean zein bestean, talde gonbidatu guztiek, Usurbilgo Orbeldikoak barne, emanaldi txalotu askoak eskaini dituzte. Abilezia bikaina dutela erakutsi dute.