2022-23 ikasturtea

Aurrematrikulazioa zabalik Oinarrizko Lanbide Heziketan: "Gaztea erdigunean jartzen dugu"

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 9a, 10:04

Ohikoa dena baino lehenago, zabalik da gaurtik aurrematrikulazio epea Atallun kokatua dagoen Oinarrizko Lanbide Heziketan.

Ohi baino lehenago aurten, 2022-23 ikasturterako aurrematrikulazio epea zabalik dute Lanbide Heziketa osoan, baita Atallun kokatua dagoen Oinarrizko Lanbide Heziketan. Bi espezialitateetan, ile-apainketa eta estetika eta sukaldaritza eta jatetxea arloetan trebatzeko aukera dago. Bi ikasturtez osatua dago hezkuntza eskaintza, 2.000 orduko ikasketa prozesua guztira (990 ordu lehen ikasturtean, 1.010 ordu bigarrenean).

Ikasketen izaera praktikoa
15-17 urte arteko gazteak matrikulatu daitezke Oinarrizko Lanbide Heziketan, “salbuespenez, DBH2 egina dutenak”. Zubi aproposa, lan munduratu nahi izan edota gerora erdi mailako ikasketetan murgildu nahi dutenentzat. Atalluko ikastetxeko lan metodologia zerbait esatekotan, “oso praktikoa” dela nabarmendu behar da. “Tailerrean praktika eginez lanbidea ikasten da (egunean lau ordu). Beharrezkoa den teoria soilik lantzen da eta lanbidearekin zer ikusi zuzena duten edukiak irakasten saiatzen gara (egunean bi ordu)”. Lehen ikasturtean esaterako, oinarrizko heziketarekin batera, lanbide modulu praktikoak eskaintzen dituzte, baita tutoretza eta orientabide zerbitzua ere. Bigarrenean, baita formazio eta lan orientabidea eta 260 orduko iraupena duten praktikak enpresetan. Bi urteko ikasketak amaituta, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua, DBH graduatua, edozein ziklo eta espezialitateko erdi mailako ikasketarako sarbide zuzena edota lan munduratzea eskuratzen da. “1 profesionaltasun ziurtagiria”.

Arreta pertsonalizatua
Tarte ezin garrantzitsuagoa du Oinarrizko Lanbide Heziketak egungo hezkuntza eskaintza zabalean. Atalluko ikastetxearen txikitasunak talde txikietan lan egitea ahalbidetzen die. “Ikasleen atentzio indibidualizatua ziurtatuta dago”. Ikasle bakoitzak jorratu nahi duen bidea lantzen laguntzen dute; “ikasle bakoitzari helburu pertsonalak jarri, jarraipena egin eta ebaluatzen zaie”. Ikaslea, hezkuntza prozesuko protagonista Oinarrizko Lanbide Heziketan ikasten ari den “gaztea erdigunean jartzen dugu eta ahalduntzen saiatzen gara”. Enfoke sistemikotik jarduten dute, familiarekin hartueman estuan. “Ikaslea hezkuntza prozesuaren protagonista da. Gaztearengan sinesten dugu eta gazte bakoitzaren ahalbide eta gaitasun positiboak lantzen ditugu”, OLH-tik azaldu dutenez.

Informazio gehiagorako:
943 360 465
olh.usurbil.eus
Atallu. Zanpiura, 3