Eskolaz kanpo, "gelditu gabe jardunean" aritzeko aukera ematen duen Zirimara proiektua ikasturte berrira begira da jada. 2022-23 denboraldirako izen ematea astebete barru, hilaren 16an irekiko dute. Egunotan ordea, proiektua gertutik ezagutzeko aukera izango dute HH nahiz LH-ko gaztetxo eta gurasoek. Ate irekien saioak antolatu dituzte Aginagan, Usurbilen eta Zubietan.
Ziklo edo adin tarte bakoitzera egokitutako jarduerak eskaintzen ditu Zirimarak. LH 1 eta 2rako esaterako, jolas hezi programa, psikomotrizitatea, natur jarduerak, saio bereziak eta familia planak. Jolasak, kirol alternatiboak, taldeko nahiz banakako kirolak, natur jarduerak, saio bereziak eta familia planak LH 3-4 mailetako gaztetxoentzat. Kasu batean zein bestean, astero saio bat edo bitan parte hartzeko aukera astearte eta ostegunetan.
Eta 0-6 urte artekoentzat Zirimara familian bizitzeko aukera; gorputz mugimendua, familia hezkuntza, jarduera fisikoa familian, jolasak...
Astebete barru zabalduko den matrikulazio epeari begira, kontuan hartzeko bi ohar: "Eskola Kirolan parte hartzeko derrigorrezkoa da Oiardo Kiroldegiko bazkide izatea, izan norbanako modalitatean edo familia modalitatean", ohartarazi du antolakuntzak. Gogoan izan baita, Kiroldegiko abonamendu honi begira udal hobariak eskuratu daitezkeela. Xehetasun gehiago datozen egunotan.
Ate irekien saioen egutegia
Usurbilen
-Maiatzak 10/17, 16:30-18:30: HH5/LH1/LH2.
-Maiatzak 12/19, 16:30-18:30: LH3.
Zubietan
-Maiatzak 11/18, 16:45-18:15.
Aginagan
-Maiatzak 9/16, 16:45-18:15.
Zirimara Familian
-Maiatzan 17 eta 19, 16:45-17:45: 0-6 urtekoentzat.