Udal kirol teknikaria hautatzeko deialdian izena eman daiteke jada

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 9a, 11:15

Ekainaren 3ra arte izena eman ahalko da, kirol teknikari lanpostua betetzeko Udalak martxan duen deialdian.

Apirilaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez, Usurbilgo Udalak kirol teknikaria oposizio-lehiaketa askez aukeratzeko prozesua abiatuko zuela iragarri zuen. Iragarki berean eskabideak aurkezteko 20 eguneko epea zabalduko zutela iragarri zuen Udalak “Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik” zenbatzen hasita. Aldizkari horretan maiatzaren 7an argitaratu zuten iragarkia, eta beraz zabalik da jada deialdira aurkezteko epea usurbil.eus atarian edo udal erregistroan, ekainaren 3ra arte.

Gogoan izan, Usurbilgo Udalak “2020ko Enplegu Publikoetako Eskaintzetan jasota dagoen kirol saileko burua plaza lehiaketa-oposizio sistema bidez betetzeko deialdia” plazaratu zuen. Lan deialdi honetara aurkezten direnei besteak beste, “Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren  Zientzietako gradua edo baliokidea izatea edo baliokidea edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izana” eskatuko zaie. “Oposizioaren proba guztiak gainditu eta izendatuak ez diren izangai guztiak” Udalak osatuko dituen bi lan-poltsetan sartuko dira.

LAN DEIALDI GEHIAGO
Sukaldariak UEMA-ren udalekuetarako

UEMA-k ekainaren 27tik uztailaren 3ra udalerri euskaldunetako 14-18 urteko gazteentzat Tolosa eta Etxarri Aranaztik Leitzara antolaturiko udaleku ibiltarietan lan egiteko sukaldariak behar dituztela jakinarazi dute. Interesdunek curriculumak arnasguneak@uema.eus helbidera bidali behar dituzte maiatzaren 13a baino lehen. Lan esperientzia, euskararekiko sentsibilizazioa eta taldean lan egiteko erraztasuna baloratuko dira hautaketan. Informazio gehiago behar duenak, 633 646 996 telefono zenbakira deitu dezake.

NOAUA! banatzeko
NOAUA! astero herriko postontzietan banatzeko lan-poltsa osatu nahi dugu, sor daitezkeen beharrei erantzun ahal izateko. Interesdunek email bat bidali dezatela elkartea@noaua.eus helbidera edo deitu, 943 360 321 telefono zenbakira.