Errigora

"Inoizko uztarik emankorrena!", NOAUA! K.E.-ren egoitzan

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 9a, 11:54

Nafarroa hegoaldean ekoitzitako produktuak salerosiz zonaldea euskalduntzen diharduen Errigoraren udaberriko kanpainaren baitan eskatu zenituzten jakiak heldu dira NOAUA! K.E.-ren egoitzara.

Errigoraren "Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" udaberriko kanpainaren baitan, produktuak eskatu zenituztenontzako oharra. NOAUA! K.E.-ren egoitzara heldu dira. Astearte honetatik, maiatzaren 10etik 13ra eskuratu ahalko dituzue Bordaberri 3ko lokalera etorrita, 8:30-14:30 artean. Norbaitek ordu tarte horretan ezingo balu etorri, 943 360 321 telefono zenbakira deitu.

Usurbilen iazko kopuru altuen bueltan mantendu garen honetan, gorantz egin dute orohar Euskal Herri mailan, Errigoraren kanpainako produktu eskaerek. Guztira 10.000 etxe hornituko dira Nafarroa hegoaldean ekoitzitako produktuez, iaz baino %20 gehiago; 143.000 litro olio banatuko dira, iaz baino %35 gehiago eta baita 271.0000 kontserba ontzi eta 41.000 pakete, iaz baino %15 gehiago. Sustatzaileen esanetan, honako hau "inoizko uztarik emankorrena!" izan da.

Gogoan izan, Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, barazki-kontserbak, arroza, pasta eta lekaleak eska zitezkeen. "Aurten %20 hazi da kontserba-arroza-pasta-lekale ekologiko eskaera". Eskaintza haziko da urtebete barru, Errigoraren sustatzaileen esanetan. "Potxa ekologikoa ekarri ahalko dugu eskaintzara eta produktu ekologiko kopurua orokorrean handiagoa izango da, agortzera iristea ekiditeko". Horrez gain, "irailerako prest izango dira 36.000 metro karratu lur sail berri piper ekologiko gehiago jasotzeko".

12 ekoizleren lantokietan euskara-planak gauzatzen
Ekoizleen elkartearentzatko bultzada garrantzitsua izaten ari da baita Errigoraren esanetan, eskutik eskura banatzen ari diren  eta kanpotik ekarri izan diren 11.000 kilo txitxirio eta dilisten berreskurapena.

Bildutako laguntzaren zati bat, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza suspertzera bideratu ohi du Errigorak. Jada "12 ekoizleren lantokitan euskara-planak ari dira gauzatzen".

Guztira, milaka herritarren ekarpenei esker, ekarpen guztion isla da "Nafarroak baratzean eman dituen fruituak". Guztia, auzolanari esker. "Ekoizle eta kontsumitzaileon arteko zubi-lana egiten duten ehunka boluntario, sarekideak, dira auzolan honen gakoa". Bizi dugun testuinguru ezegonkor honetan Errigoratik diotenez, "babeslekuak behar ditugu, eta berriro ere, komunitate honetan babesa aurkitu dugula dirudi. Segi dezagun ibilian, oinak lurrean".

Informazio gehiagorako, errigora.eus ataria.