Alebinen eskubaloi taldea Gipuzkoako txapelduna

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 9a, 11:20
Irudia: Usurbil K.E.

Gipuzkoako Kopa irabazi zuten usurbildarrek larunbatean, Usurbil Kirol Elkartearentzat gazi-gozoa izan den asteburuan.

Garaipen berri bat Usurbil Kirol Elkartearentzat. Alebinen eskubaloi jokalari taldea Gipuzkoako txapeldunak dugu. Larunbatean etxean, Oiardo Kiroldegian Pulpo zumaiarrekin izandako herrialde mailako Kopako finalean nagusitu ziren usurbildarrak, 23-13. Zorionak!

Arratsalde gazi-gozoa
Aipatu moduan, garaipen arratsalde hau mikaztu zuen gertaerarik bizi izan zuten Oiardo Kiroldegian. Alebinen neurketa honen ondotik, beste bat baitzegoen programatua, senior mutilena. Usurbildarrak Ereintza taldekoekin lehiatzekoak ziren, Gipuzkoako Kopako partida zuten jokoan. Usurbil K.E.-tik berri eman dutenez ordea ezin izan zuten neurketa jokatu, “Gipuzkoako Federazioko epailerik agertu ez delako”. Antza ez da kontu berria. “Tamalez ez da aurten gertatu zaigun lehen aldia. Azalpenen zain geratzen gara, honek ezin baitu horrela geratu”, ohartarazi du Usurbil Kirol Elkarteak.