Furgobaratzaren itzulera gaur, tomateari buruzko tailerrarekin

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 10a, 08:00

Doako aholkularitza eskaintzen duen Furgobaratzak tomatearen inguruko tailerra emango du astearte honetan, Agerreazpi ondoan kokaturiko Usurbilgo Baratze Parkean.

Herritar ororentzako doako aholkularitza zerbitzuak eskaintzen du Furgobaratzak. "Zenbaitetan, tailer praktiko eta dinamiko batekin etortzen zaigu, sasoiari lotutako gai bat jorratuz". Horrez gain, "Furgobaratzaren bidez, Kutxa Ekoguneak lursailetarako aholku teknikoak eskuratzeko eta landare eta plantel ekologikoa erosteko aukera eskaintzen du".

Tarteka, Agerreazpi ondoan kokaturiko Usurbilgo Baratze Parkera bisitan etortzen den Furgobaratza bueltan izango dugu astearte honetan, maiatzaren 10ean. Tomateari buruzko tailerra eskainiko dute, arratsaldeko 18:00etan hasita. "Tomate landareak osasuntsu edukitzeko kontutan eduki beharrekoak azalduko ditugu: landaketa distantzia, zaintza, tratamenduak...".

DATOZEN IKASTAROAK
“Ipuinak sexu heziketaz blai”

Sutegi udal liburutegiak Usurbilgo Sexu Aholkularitza Gunearekin elkarlanean antolaturiko ikastaroa. Maiatzaren 17an eta 24an saio bana iragarri dute, 2-7 urte arteko haurren guraso eta  laguntzaileentzat, 18:00etan liburutegian. Elena Jimenez sexologoak eta aipatu udal zerbitzuko arduradunak bideratuko ditu saiook. Antolakuntzatik ohartarazi dutenez, haurren zaintza zerbitzua eskainiko da. Ikastarorako izena Sutegi udal liburutegian bideratu beharko da.  

Biodantza ikastaroa
Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak emakumeentzat antolaturiko doako ikastaroaren saioak, asteartero, 15:30-17:00 artean Oiardo Kiroldegian. 15   lagunentzako lekua dago. Izen ematea: 943 377 110/parekidetasuna1@usurbil.eus.

Sendabelarren eta joskintza tailerrak Santuenean
Santuenea Kultur Elkarteak bi tailer antolatu ditu: joskintzarena maiatzaren 20an, 17:00-19:00 artean Santuenea 12an Mari Carmen Orozekin. “Nork bere makina eraman behar du”, ohartarazi du antolakuntzak.  Gune eta ordutegi berean baina hilaren 20an eta 27an sendabelarren tailerra eskainiko da. Tailerrotan izen emateko deitu 670 027 731 telefono zenbakira.

Sagarrondotik Sagardora ikastaroa
“Ilargiaren eragina landare, zuhaitz, erle eta fruitu arboletan. Egutegi dinamikoa” izeneko saioa antolatu du Alkartasuna Baserritarren Kooperatibak maiatzaren 20an 15:30-18:30 artean Potxoenean, Xabier Akizurekin. Izen ematea 10 eurotan, aurrez usurbilkultura.eus edo alkartasuna.eus atarietan.

KzGunea
16:00-20:00 artean zabalduko duten KzGuneko datozen ikastaroak hemen: 
-Maiatzak 19-25, 16:00-18:00 “Mekanografia. Ikasi hutsetik”.
-Maiatzak 26-27, 16:00-18:00 “Online izapideak Osakidetzarekin”.
-Maiatzak 30-31, 16:00-18:00 “Sortu bideoak zure gustukoen irudiekin”.

DYA
Hitzaldi zikloa: ongizate emozionala
Epea: maiatzak 3-ekainak 14.
Ordutegia: 16:00-19:00.
Lekua: DYA-k Munalurra 26an duen egoitza.
Prezioa: doan.
Egitaraua:
-Maiatzak 17: "Antsietateari aurre egiteko gakoak".
-Maiatzak 31: "Depresioa eta gizartetik bakartzea".
-Ekainak 14: "Osasun psikologikoa eta bizitza emozional osasuntsua eramateko aholkuak".
Oharrak:
-Saio solteetara joan daiteke, aurrez jakinarazita.
-Jarduera dinamikoak izango dira, zalantzak eta esperientziak partekatu ahalko dira.
Izen ematea: ongizate emozionala

Bihotz biriken suspertzea eta desfibrilagailua
Eguna: maiatzak 14, larunbata.
Ordutegia: 9:00-13:00/14:30-18:30.
Tokia: DYA-k Munalurra 26an duen egoitza.
Zehaztasunak: interesa duen edonori zuzendutako ikastaro teorikoa eta praktikoa. 
Oharrak:
-Talde mugatua.
Izen ematea: bihotz biriken suspertzea

Informazio gehiago: dyagipuzkoa.com
Antolatzailea: DYA Gipuzkoa.