Ziortzaren kanpaldirako izen ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 11a, 08:41

Aurre izen-ematea bideratu zutenak soilik inskribatu ahalko dira, Ziortzak gaur, maiatzaren 11n hasi eta hilaren 22ra arte finkatu duen epearen baitan. Aurreikuspenak gainditu ditu aurtengo deialdiak; eta azkenean bi ez, hiru txanda antolatu dituzte ohi bezala, Errioxako Peñaloscintosen kokatuko den kanpaldira joateko.

Uda hurbiltzen doan neurrian, hilabete horietako oporraldiko aisialdi tartea antolatzeko lanak aurrerabidean doaz. Bai behintzat Ziortzakoen kasuan. Gazte elkarte honetatik ohartarazi dutenez, zabalik da gaurtik kanpaldian izen emateko epea. Asteazken honetan, maiatzaren 11n hasi eta hilaren 22ko arratsaldeko 20:00ak arteko tartea finkatu dute. Izen-ematea bideratzeko "aurre izen-ematea egin zutenen gurasoek jakinarazpena jasoko dute korreo bidez". Eta email horretan "jasoko dute izen-ematea egiteko esteka".

Argi denez, martxotik apirilera bitarte bideratu zuen Ziortzak kanpaldirako aurre izen-ematea. Apirilaren 8ra arte finkatu zuten epearen baitan, antolakuntzak prestaturiko galdetegi bat bete beharra zegoen. Galdetegi hau osatu zutenek, edo bestela esanda, aurre izen-ematea egoki bideratu zutenek dute orain, kanpaldian izen-emateko aukera. "Apuntatzeko ezinbestekoa izango da aurre izen-ematea eginda edukitzea, bestela ezingo dute izena eman", ohartarazi du Ziortzak.

Txanden egokitzea
Maiatza hasieran kanpaldira begirako aldaketa garrantzitsu baten berri eman zuen Ziortzak; uztailerako prestatzen ari den ekimenerako txandak egokitu behar izan zituela, "aurre izen-eman duten gazteen kopurua oso handia izan da" eta. Inskripzio kopuru handia, baina "dakizuenez, Penaloscintosen erabiltzen dugun eremua nahiko mugatua da, eta ezin dugu hainbeste jende sartu bertan".

Ondorioz, Ziortzak iragarri zuenez, "txanden egunak moldatu ditugu gazte guztiak etor daitezen". Hasiera batean bi txanda antolatuak zituzten uztailerako. Errioxako egonaldia hiru txanden bueltan antolatu dute azkenean:
-1. txanda: uztailak 5-14 (DBH 3-4).
-2. txanda: uztailak 14-20 (DBH 2).
-3. txanda: uztailak 20-26 (DBH 1).

Aurreikuspenak gainditu ditu beraz Ziortzaren kanpaldiak erakarritako parte hartzeak. Ohar berean Ziortzak zioenez, "aurten inoiz baino gehiago laguntza gehiago beharko dugu zuen aldetik" zuzentzen zitzaien gurasoei, izaten ari diren pazientziagatik eskerrak helaraztearekin batera. "Ez genuen espero hainbeste gaztek emango zutenik izena, eta, ondorioz, egoera berrira egokitzeko denbora behar izan dugu".