Sagardoaren kulturari buruzko azterlana bideratzen hasia da Udala

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 12a, 17:57

Sagardoaren kulturaz azterlan etnografikoa bideratzen hasia da Usurbilgo Udala, Josu Ozaita antropologoaren eskutik. Egitasmoari buruzko nondik norakoak aurkeztu dituzte gaur.

Hiru urteko etenaldiaren ostean bueltan datorkigun Sagardo Egunaren atarian, Usurbilek bizirik mantentzen duen sagardoaren kulturaren historiari, orainari eta geroari begirako azterlan etnografikoa bideratzen hasia dela berri eman du Usurbilgo Udalak ostegun arratsalde honetan Aginagan. "Sagardogintzaren historia ezezagun hori", idatzi gabe dagoen arren belaunaldiz belaunaldi transmititu den kultura ikertu nahi dute Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak berri eman duenez.

Sagardoa eta sagardogintza, ekinean eta "bizi-bizirik dauden kontzeptuak direla" aipatu du, bizirik dagoen ondarea. "Horren lekuko, sagarra eta sagardoa ardatz duen jarduera ekonomikoa". Horren isla dira alkatearen esanetan, herriko sagardotegiak edota etxean ekoizten den sagardoa. "Sagardoa ekoizteak gauza asko mugitzen ditu bere barruan; harremanak, sagastiak zaintzea, sagarrak ezagutzea, errituak, naturarekin hartuemana, dastatzea, ilusioa, harrotasuna, herri nortasuna... Hitz gutxitan, sagardoaren bueltan sortzen den kultura".

Usurbil, sagarra eta sagardoa elkarri lotutako hiru kontzeptu direla nabarmendu du, "gure bizimoduaren isla eta ardatz". Eta argi ikusten dela hau guztia alor guztietan: historian, nekazaritzan, kulturan, paisaian, garapen ekonomikoan....".  Kultur arloari dagokionean, sektore honetako eskaintza biltzen duen eta apirilean etxez etxe banatu zuen "Usurbil sagarraren bihotza, sagardoaren kultura" urteko agenda. Eta agenda horretan, besteak beste, ate joka dugun eta "hain berezia eta kuttuna den" Sagardo Eguna.

Azterlanerako "eremu paregabea"
Udala azken hamarkadetan sagardoaren kulturan eragile izan dela aitortu eta eskuartean duten bezalako egitasmoei balioa emategatik eskerrak helarazi dizkio Josu Ozaita antropologoak. Berak bideratu du aipatu ikerlan hau.

Gastronomia, jaiak eta turismoa hiru alor hauek aztertzen aritzen direla kontuan izanda, arlootatik begiratuta, azterlanerako "Usurbil eremu paregabea dela iruditzen zaigu", adierazi du Ozaitak.

Behaketa lan eta elkarrizketekin osatuko duten azterketak "sagardoaren kultura deskribatzea izango du helburu". Iraganera begira jarriko dira, herri hau erreferentea izan baita sagardo industrian. Egungo herriko zazpi sagardotegietako nahiz edari hau etxean ekoizten dutenen istorioak ere bildu nahi dituzte, "etxean egon, beraien sagarra bildu, sagardoa egiten egongo gara", iragarri du Ozaitak. "Deskribatzeaz gain antropologia egingo dugu". Egun "hor daude eragin eta balio batzuk ikusezinak dira", eta horiek ikustarazten saiatuko direla berri eman du Ozaitak.

Tartean, arlo honetan lanean diharduten herri eragileak; Alkartasuna Kooperatiba. "Hainbat baliabide eskaintzen ditu jendeak etxean sagardoa ekoizteko". Kooperatibak eta Sagardoaren Unibertsitateak eskaintzen duten Sagarrondotik Sagardora formazio saioak ere hor daude. Sagastiak Loretan zikloaren baitako ekimenak, sagardoaren kultura plazaratzeko. Eta nola ez, erreferentea den eta bi urteko etenaldiaren ostean bueltan datorkigun Sagardo Eguna. "Ez da ohiko sagardo dastaketa sinple bat", nabarmendu du Ozaitak. Ibilbide luzeko ekimena sagardoaren kulturari oso lotua egon da. "Guk zer den eta herritarrengan zer eragin duen aztertu nahi dugu". Baita sagardoaren bueltan familian edo lagunartean ospatzen diren ohiturak ere; "zer eragin duten, nola sortzen diren, zer balio dituzten".

Bizipenak partekatzeko deia
Inork sagastien bueltako bizipen edo istoriorik izan eta partekatu nahiko balu josuozaita@gmail.com helbidera mezu bat idatzi edo udaletxean jakinarazteko deia egin dute gaurko agerraldian. "Oso gustura hurbilduko naiz berarekin tertulian aritzera", zioen antropologoak.

Hasia duten lanketa urte amaierarako txosten batean bildu eta aurkeztu asmo du Ozaitak. Egungo azterlanarekin batera, etorkizunera begirako ideia edo proposamenak ere jaso nahi dituzte.