Energia komunitatea eraikitzeko bilera maiatzaren 17an

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 12a, 10:43

Beste hainbat udalerrietan jorratzen ari diren bideari jarraituz, Usurbilen ere Energia Berriztagarrien Komunitatea sortzeko gonbita plazaratu zuten Usurbilgo Udalak eta Goiener Kooperatibak, egitasmo honi buruz maiatzaren 3an Sutegin egin zuten aurkezpen ekitaldian.

Modu honetan, urtebete inguruko prozesuari ekin zioten. Hilabeteotan egitasmo honetako partaide izango diren norbanako nahiz eragileek Goiener izango dute bidelagun. Eta amaieran erabakiko da Energia Berriztagarrien Komunitatea osatu edo ez. 

Talde sustatzailearen eraketa
Ahalik eta parte hartze anitzena bultzatu nahi dute. Usurbilek alor honetan izan ditzakeen gabeziak identifikatzen eta epe ertain nahiz luzerako proiektuak definitzen joan. Momentuz halere, talde sustatzaile bat osatu nahi dute eta gerora hiru azpitalde: arlo juridikoa eta administratiboa landuko duen bilgune bat, proiektuei lotutako bigarren bat eta komunikazio zein dinamizazioari begirako beste bat.

Dagoeneko hainbat herritarrek bat egin dute abian den prozesu honekin. Parte hartzeko aukera ordea zabalik dago. Izena eman daiteke udal-erregistroan, info@ebkusurbil.eus helbidean edota usurbil.eus atariko orria beteta. Bertan aurkitu dezakezue informazio gehiago, tartean, aurkezpen ekitaldia bideoz ikusteko aukera duzue. Datorren bilera, hurrengo asteartean, maiatzaren 17an beraz, arratsaldeko 18:00etan Udarregi Ikastolako erdiko aretoan.