Kide usurbildar bat duen Zallek taldearen kontzertua gaur

Azpeitiako Zallek musika talde berriaren kontzertuaz gozatzeko aukera izango dugu, ostiral honetan bertan, maiatzaren 13an 23:00etan Sutegin. Sarrerak usurbilkultura.eus plataforman eskura ditzakezue. Urola bailarako taldea bai, baina kide usurbildar bat du taldeak; Josu Furundarena Padrones.

Zer egin du usurbildar batek Azpeitiako talde batean parte hartzeko?
Josu Furundarena Padrones:  HUHEZI-ko garaietan sortu genuen Erokomeri taldetik dator guztia. Diskoa atera genuenerako beste ideia batzuekin genbiltzan, hortik sortu da Zallek.

Lau urteko bidea osatu du  proiektuak.
Duela lau urte hasi ginen lehen zirriborroak egiten. Diskoan agertu ez diren lehen bi kantak sortu genituen. Egitura gabekoak ziren, 14 zati eta sei minutuko bat tartean. Egitura gehiago nahi genuen eta gure estiloa bilatzen hasi ginen. Finkatzeke dugu   oraindik.

“Karakorum” zuen lehen diskoa. Izenak ere ibilbide gorabeheratsua irudikatzen du?
Karakorum-ek bidaia luzea eta nahiko aldapatsua islatzen du. 

Eta “Zallek”?
Izen ezberdinak plazaratzen joan ginen. Niretzat entzuteko zaila den musika adierazten du. Melodikoa, instrumentala, girotzailea eta olatuez beterikoa da. Lasaitasunetik abiatzen da, gero intentsitatea handitzen da, guztiz ez da jaisten eta gero gora gatoz berriz. Lasaia da, baina gogorra ere. Sakona. 

Nolatan erabaki zenuten hitzik ez sartzea?
Taldean gaudenok normalean ez dugu idazten ezta abesten ere. Genituen instrumentuen arabera erabaki genuen zer sortu. 

Harridura eragin du?
Azpeitia edota Getariako gaztetxeetan jo dugu. Uste genuena baino harrera hobea izan dute emanaldiek. Ez zuten estilo hau espero. Askok eskatu digute ahotsa txertatzea. Plazei begira, azken hilabeteotan emanaldi kopurua covid-agatik asko mugatu da. Orain aktibatze lan horretan ari gara baina zaila da,  lanean gabiltza. 

Ahotsik gabeko kontzertua izango da Usurbilgoa. Emanaldia bizitzeko bestelako modua eskainiko diguzue?
Hondoko musika izateko aukera ematen du butakan goxo eserita, dantzatzekoa. Etenik gabeko ordu erdiko emanaldia izango da, intentsitate aldetik gorabeheratsua. Gertutasuna ematen eta giroa berotzen saiatuko gara. 

 

“Plazak pixkanaka betetzen ari dira”
Nolako esperientzia izan zen Garateko grabazioa?

Zoragarria. Elkarbizitza potente bat sortzen da. Martxel Arkarazo maisu handia da. Goxotasun eta enpatia handiz hartu gintuen. Diskoari berari forma handi bat berak eman dio. Musika entzuten du, bere ekarpen guztiak dira aberasteko... Talde kide bat gehiago izan da.

Dantza Egunean ere parte hartu zenuen, musikari gisa. Nolakoa izaten ari da dantzari eta antzezleekin sortu den lankidetza? 
Oso polita, aberasgarria batez ere. Oso estilo ezberdinetako musikariak biltzen gara. Inplikazioa eskatzen digu baina elkar ezagutza bat izatea ere bai. Denon arteko elkarlan hori oso polita da. Pertsonalki asko ematen dit. Egia da, denbora eskatzen du denok biltzeko eta zaila da. Baina plazako emanaldi eguna bizitzea zoragarria da. 10 urte bete ditu Dantza Eguneko ikuskizunak. Ia mantentzen den, ikusten ez den lan handia baitago atzetik.

Uda partera begira zer nolako agenda duzue?
Maiatzaren 7an Orbeldik antolaturiko 3. Dantzari Txiki Egunean emanaldia eskaini genuen Ttipika taldearekin. Bi urteko etenaldiaren ostean, berriz jardunari heldu diogu. Kontzertu aukerak sortzen doaz. Plazak pixkanaka betetzen ari dira.