Dakizuenez greba mugagabean dira Adunan kokatua dagoen Irizar e-mobility lantegi ezaguneko langileak duela bi aste pasatxotik. ""Irizar e-mobilityko langileok merezi dugun Enpresa Itun baten aldeko hautua egiten dugu", irakur daiteke Usurbilen bertan langileek jarritako karteletan. Herritarrak ere badaude eta lan talde horretan. Gutxieneko eta ezinbesteko bost baldintza hauek ezartzen dituzte akordio batera heldu ahal izateko; "lan berdina soldata berdina"; "lan irteeretako lan baldintza duinak eta berdinak denontzat"; "esfortzu gehigarriak konpentsatuak"; "langile guztien bizitza pertsonala eta kontziliazioa bermatu"; eta "Gipuzkoako Metalgintzako Hitzarmena bermatu".
Argi diote langileek; "gutxieneko baldintza hauek betetzen ez dituen akordiorik onartuko ez dugunez, lanean jarraituko dugu langile guztien baldintzak hobetzeko. Irizar dagokigun ituna orain!".
Aurreakordioa
Ostiral arratsalde honetan langileen batzordeak berri eman duenez, "itunaren negoziazioak desblokeatu dira eta enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren artean aurreakordio bat lortu da". Astelehenean bozkatzekoak dira. Langileek ohartarazi dutenez halere, "behin betiko ituna sinatu bitartean, greban jarraituko dugu".
Elkartasun ekimenak
Langileei babesa adierazteko hainbat ekimen bideratzen ari dira azken asteotan. Buruntzaldea mailako Ernai gazte antolakundeak hainbat mobilizazio egin ditu Adunako lantegiaren atarian. Horrez gain, "grebalariei laguntzeko erresistentzia kutxa" ere antolatu du eta eskualde mailan elkartasun postuak egokituko ditu asteburu honetan. Usurbilen, ostiral arratsalde honetan bertan, maiatzaren 13an, 18:00etan hasita Aitzagan. "Gogoratu gaur 18:00etan hasita Aitzagan egongo garela erresistentzia kutxararako dirua biltzen. Gazteok zuekin!", adierazi diete Usurbilgo Ernai-tik Irizarko grebalariei.
Larunbaterako, maiatzaren 14rako bestalde, Elkartasun Eguna antolatua dute Andoainen. Arratsaldeko 17:30etan hasita manifestazioa deitua zuten Udaletxetik abiatuta. Baina aurreakordioa erdietsi dutenez, manifestazioaren ordez batzar informatiboa egingo dela iragarri dute langileek. 19:00etan Elektrotxaranga eta 21:30etatik aurrera kontzertu gaua Gaztetxean.