Zubietako erraustegia

Erraustegira martxa girotua larunbatean Lasartetik, Usurbildik oinez abiatzeko deia

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 13a, 07:54

"Donostiako erraustegiaz... zer ez digute esaten?" aldarripean maiatzaren 14an Lasarteko Okendo plazatik martxa girotua iragarri dute 11:00etan. Zubietako erraustegira antolatu den ekimenera Usurbildik oinez joateko gonbita luzatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduaren Usurbilgo Taldeak.

Lasartetik erraustegira martxa antolatu dute eragile anitzek larunbaterako, maiatzaren 14an, “Donostiako erraustegiaz... zer ez digute esaten?” aldarripean. Bidea Orioko joaldunek eta Usurbilgo elektrotxarangak girotuko dutela berri eman dute. Errausketaren Aurkako Mugimenduan antolaturiko hitzorduarekin bat egin dute Donostia Bizirik, Eguzki, Greenpeace eta Ekologistak Martxan eragileek. Errausketaren Aurkako Mugimenduko Usurbilgo Taldetik Lasarteko martxara joateko oinez abiatzeko hitzordua jarri du larunbat goizean, 10:15ean Usurbilgo frontoian.

Labeak geldirik
Kea dariola ikustea ohikoan bilakatu zaigu. Zubietako erraustegia martxan dagoela bizi da inguru hau 2019az geroztik. Ordutik ordea, hainbat ezbehar eta gertakari izan dela salatu izan dute eragile anitzek; suteak, ehunka arrain hil zituen Arkaitzerrekako isurketa... Eta apirilaren 26az geroztik "arazo teknikoak medio" erraustegiko bi labeak geldirik daude. Hala jakinarazi zuten iragan astean agerraldi bidez, maiatzaren 14an Zubieta gainera martxa antolatu duten eragileek. "Ez dakigu zein diren arazoak, zenbat denboran egongo den geldirik eta zer egiten ari diren zaborrekin. Hori ere ez baitute esaten", salatu zuten Donostian.

Haien esanetan ez da erraustegiaz herriarekin partekatzen ez duten kontu bakarra. Eta informazio edo gardentasun falta hau hilaren 14ko ekimeneko leloan txertatu dute. "Donostiako erraustegiaz... zer ez digute esaten?" aldarripean antolatu baitute erraustegirako martxa.

"Hainbat gauza ilun ezkutatzen digute herritarroi"
Bi helburu nagusi izango ditu martxa honek; batetik, agintariei erraustegia gelditzea exijitzea. "Ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon". Bestetik, Zubieta gaineko plantaz esaten ez den hori azaleratzea dute helburu. "Erraustegiaren kudeatzaileek eta Gipuzkoako eta EAEko agintariek hainbat gauza ilun ezkutatzen digute herritarroi", salatu dute hilaren 14ko martxaren deitzaileek.

Berrienetik hasita, arestian aipaturikoa; "erraustegiko bi labeak geldirik daude apirilaren 26az geroztik arazo teknikoak medio. Ez dakigu zein diren arazoak, zenbat denboran egongo den geldirik eta zer egiten ari diren zaborrekin. Hori ere ez baitute esaten".

Martxa honen antolatzaileek ohartarazi dutenez, ez da adierazten ez duten kontu bakarra. "Ez digute esaten..." adibidez, "Zubietako labeetan erretzen duten hondakin tona bakoitzeko zenbat CO2 kopuru isurtzen duten airera. Eta CO2 asko da, jadanik zoratuta dabilen gure klima are gehiago kaltetzen duena". Horrez gain, Zubietako tratamendu plantaren benetako funtzionamendua ezkutatzen dutela salatu dute. Errausketaren Aurkako Mugimenduaren esanetan, erretzen diren hondakinen %65a birziklagarria da. Datu ofizialen arabera, TMBra iaz heldutako 138.000 tona errefusetik 6.380 tona "berreskuratu omen dute. Baina ez digute esaten beste 90.000 tona hondakin birziklagarri labeetara erretzera joan direla. Hauetatik, 60.000 tona organiko, zabor nahasian Zubietaraino eramandakoak".

Tratatu osteko zati birziklaezinen garraioa
Ezta erraustutakoaren %23a "labeetan sartutako guztiaren ia laurdena, zepa edo eskoria bezala ateratzen dutela... eta gero eskoria horiek, Arrigorriaga, Lemoa eta Añorgako porlan fabriketara eramaten dituztela, hor porlanari nahasi eta munduan barna zabaltzen jarraitzeko". Errausketaren Aurkako Mugimenduaren esanetan, Gaztelara garraiatzen dituzte bestalde, "tximinietako filtroetan biltzen diren errauts toxiko arriskutsuak", erretako guztiaren %3a. Nafarroako Artaxoako planta batera, "Zubietako planta biometanizatuan" geratzen den organiko hondarra", ez dute eta konpostatzen.

Konposta "alferrik galdu egiten dute"
Bilketa datuez ere ezer gutxi diotela agintariek nabarmentzen du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Esaterako, Gipuzkoako hainbat udalerrietan ia inpropiorik gabe bildutako organikoa, "borondatezko gaikako bilketa daukaten" inpropio gehiago duen konpostarekin nahasten dutela eta herritarrek eta udalek hondakinok bereizi eta biltzeko ahalegina "alferrik galdu egiten dutela".

Datu gehiago; Donostian %42ko gaikako bilketa dute, Europak 2020rako jarritako %50eko birziklatze mailara ez da heldu oraindik eta "urtean 20.000 tona hondakin organiko baino gehiago errefusaren edukiontzira nahasita botatzen jarraitzen" dute. Gipuzkoan sortutako hiri hondakinen %87a birziklagarria da, aldiz %55a baino ez da birziklatzen. Maiatzaren 14ko martxaren deitzaileen esanetan, horrek erakusten du, "inbertsioak benetako gaikako bilketa sistema eraginkorrak ezartzeko baliatu behar direla, eta ez, birziklagarriak diren baliodun hondakinak erretzeko labetzarren planta eraikitzen".

"Errausketaren kalteak munduan barna zabaltzen dihardute"
Zubietako azpiegiturak martxan egon arren, "2021ean Gipuzkoan errefus kopurua igo egin da, Sasieta mankomunitatean salbu". Europako Hondakinen 2018ko Zuzentarauak jasotakoa bete ezinik da herrialdea; "2020rako %10 murriztu behar zela hondakinen sorkuntza... Gipuzkoa oso urrun dagoela helburu hori lortzetik".

Datuok eskutan, ondorio argira heldu da Errausketaren Aurkako Mugimendua. "Tamalez, erraustegiak ez du konpondu hondakinen arazoa eta, aldiz, Zubietan eta inguruetan eguneroko ogia da hondakinen errekuntzak eragiten duen kutsadura. Eta agintariek esaten ez diguten arren, errausketaren kalteak munduan barna zabaltzen dihardute". Hala gertatzen ari dela baieztatu dute. "Bai: ingurumena kutsatu, bizidunon osasuna kaltetu eta klima aldaketa larriagotzen duten isuriak airera botatzeaz gain, Nafarroara, Bizkaira eta Espainiako Gaztelara benetako hondakinen turismoa antolatu dute Zubietatik, eta hor barna barreiatzen ari dira hondakinen errekuntzak eragindako eskoriak eta beste errauts toxikoak".

Testuinguru honetan, argi dio Errausketaren Aurkako Mugimenduak; "herritarrei ezkutatu nahi diete errealitatean sustatzen duten hondakinak kudeatzeko eredua xahutzailea dela, energia eta diru publikoa alferrik galtzen dituela eta herritarren osasuna kaltetzen duela". Horregatik, agintariek "Ekonomia Zirkularra" ahotan sarritan darabilten arren, Errausketaren Aurkako Mugimendutik agintariei aurpegiratzen die "zuen ereduan benetan zirkularra dena da... diru publikoak poltsiko pribatuetara eramateko ibilbidea".