Gipuzkoak dituen altxorren artean dira organoak; Usurbilgo Salbatore Elizakoa besteak beste. Ondare hau balioan jartzeko "Gipuzkoako Organoak Plazara" ekimenaren bosgarren edizioa antolatu dute 20 urte bete dituen Musikenek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Laugarren edizioa iragan udazkenean ospatu zen, eta orduko hartan bezala, antolatzaileen esanetan "Europako organo bilduma onenetakoa" dena babestu eta ezagutarazteko bosgarren ziklo honetan ere hainbat ekintza iragarri dituzte zenbait udalerrietan, maiatzaren 12tik 21era; Ataunen, Donostian eta Usurbilen.
"Funtsezko pieza da lurraldeko musika ondarearen balioa nabarmentzeko, lehen mailako musikariak biltzen eta interprete berrien parte-hartzea bultzatzen baitu. Era berean, irakaskuntza eta ikaskuntza sustatzen ditu, tradizioari eutsiko dion belaunaldi berri bat bermatuz", Foru Aldundiko Kultura Diputatu Harkaitz Millanen esanetan.
Aipatu moduan, Ataunen, Donostian eta Usurbilen hainbat hitzordu iragarri dituzte. Udalerri honi dagokionez hiru; Liesbeth Schlumberger hegoafrikarraren kontzertua eta "masterklasa". Eta Usurbilgo Organoaren Lagunak taldeko kide Joan Luis Atxegaren eskutik, Salbatore Elizako organoaren aurkezpen saioa.
"GIPUZKOAKO ORGANOAK PLAZARA"
Maiatzak 14, larunbata
20:00 Liesbeth Schlumberger hegoafrikarraren kontzertua Salbatore Elizan.
Maiatzak 16, astelehena
10:00-14:00 Liesbeth Schlumbergerrekin "masterklasa" Salbatore Elizan.
Maiatzak 21, larunbata
11:30-13:30 Organoaren aurkezpena Salbatore Elizan, Joan Luis Atxegarekin eta ikasleekin: historia, funtzionamendua, erregistrazioa, audizioa...
Egitarau osoa hemen: musikene.eus
Antolatzaileak: Musikene, Donostiako Elizbarrutia eta Gipuzkoako Foru Aldundia.