San Ixidro Egun girotua igandean

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 13a, 09:03

Ospakizunen loraldia asteotan. Ate joka dugun Sagardo Egunaren aurretik, San Ixidro Egun girotua igandean, maiatzaren 15ean.

Plazan ospatzeko hamaika hitzordu antolatu ditu Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak, Usurbilgo Udalaren babesarekin. Trikitilari eta bertsolariekin batera, jan-edana; hamaiketakoa Koldo Huegun herritarraren eskutik. Luma Gorri oilaskoak dastatzeko aukera izango dugu. Trikitilariekin batera, Beñat Gaztelumendi eta Eli Pagola bertsolarien saioa ere antolatu dute, eta haiekin guztiekin bertso-bazkaria gero Artzabalen. Txartelak maiatzaren 12ra arte salgai izan dira Artzabalen eta Alkartasuna Kooperatiban.

Eta San Ixidro Egunez falta ezin zuen beste osagaia; herri-kirolena. Goizean Arrilla anaien aizkolarien txanda eta harri-jasotzaileak arratsaldean. Adi, Usurbilgo bi emakume lehian. 18:00etan hasita plazan ospatuko den San Ixidro Eguneko harri-jasotze saioan, antolakuntzak aurreratu duenez, Lur Errekondo Solak hiru harri altxako ditu: 63 kiloko zilindroa, 63 kiloko kubikoa eta 63 kiloko bola.  

Lehiakide izango duen Ane Zinkunegik 50 kiloko zilindroa, 50 kiloko kubikoa eta 50 kiloko bola. Segidan, Hodei “Izeta IV” eta Jakes “Izeta V” lehian. Lehenengoak 125 kiloko zilindroa 113 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola altxako ditu. Bigarrenak “pentatloia egingo du”, iragarri dute antolatzaileek. “40 kiloko bola 10 aldiz, 150 kiloko harria giza-probakoa plaza bat, 55    ontzako egur bat aizkoran, 25 kiloko txingak 2 plaza eta 5 buelta korrika”.

SAN IXIDRO EGUNA
Maiatzak 15, igandea
11:00 Trikitilariak.
11:30 Hamaiketakoa Koldo Huegun herritarraren eskutik: Luma Gorri oilaskoak.
12:30 Aizkolariak: Arrilla anaiak.
13:00 Bertsolariak: Beñat Gaztelumendi eta Eli Pagola.
14:00 Trikitiaz giroturiko bertso bazkaria Artzabalen.
Txartelak Artzabalen eta Alkartasuna Kooperatiban 25 eurotan salgai maiatzaren 12ra arte.
18:00 Herri kirolak:
-Harrijasotze saioa:
Lur Errekondo eta Ane Zinkunegi herritarren estreinako saioa.
Izeta IV eta Izeta V

Antolatzailea: Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba.
Babeslea: Usurbilgo Udala.