“Onartu beharra daukat pixka bat urduri nagoela, baina fisikoki ondo”

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 14a, 20:14

San Ixidro Egunerako aurreikusitako ekitaldien artean, herri kirolak izango dira ikusmira handiena sortuko dutenetako bat. Izan ere, bi herritar arituko dira harria jasotzen, emakumeak biak: Ane Zinkunegi Hernandez eta Lur Errekondo Sola. Ane Zinkunegiren     elkarrizketa aurreko orrietan dago irakurgai, eta honako honetan, berriz, Errekondoren uste eta nahiak bildu ditu NOAUA!k Usurbilgo erakustaldiari bur

NOAUA! Usurbilen arituko zara lehen aldiz harria jasotzen. Zer moduz zaude fisikoki?
Lur Errekondo Sola: Txapelketa izan genuen joan zen asteburuan, eta harri berberekin arituko naiz Usurbilen ere. Prestaketa lanak ondo doaz, eta uste dut egoera onean egongo naizela Usurbilen behar bezalako erakustaldia egiteko. Onartu beharra daukat pixka bat urduri nagoela, baina fisikoki ondo.

Ingurukoak, familia zein lagunak ere plazan izango dira animatzen? Ohitura dute erakustaldiak ikustera joateko?
Bi erakustaldi baino ez ditut egin, eta hori horrela izanda, nik uste herriko plazara jendea gerturatuko dela gure jarduera ikustera. Txapelketako finalean izan ziren kuadrilako lagunak, herritarrak eta senide batzuk animoak emateko. Iraetan izan nintzenean ere, taldeko batzuk hurbildu ziren nire lana ikustera. Herrian bertan izanda, jende asko hurreratuko dela uste dut.

Erakustaldirako zein harri prestatu dituzue? Edo badakizue zein izango diren egin beharrekoak?
Erakustaldia baino lehen gure artean hitz egin eta zein harri eraman erabakitzen dugu. Urdanetan, adibidez, erakustaldi bat egin genuen eta bertan bi taldetan banatu ginen: bi harri eta bi aizkora. Lehiaketa modura egin genuen, nork lehenago amaituko. Beste aukera bat izan daiteke harri batzuk hartuta 2 minutuan ahalik eta altxaldi gehien egitea. Ez agian txapelketa batean bezain gogor, baina lan handia izaten da. Badaude aukera gehiago ere. Nahi beste harri atera eta igoaldi batzuk egin erakustaldia egiteko.  Harri-jasotzaileok entrenatzailearekin adosten dugu zer eta nola egin, eta hori entrenatzen dugu erakustaldi horretarako. 

Usurbilerako zerbait aurreikusita daukazu?
Igandeko txapelketako harri berdinak erabiltzea da asmoa. 63 kiloko zilindroa, kubikoa eta bola.

Ane Zinkunegi herritarra izango duzu aurkari. Nola ikusten duzu bera?
Oso ondo. Azpeitiako txapelketan egin genuen topo, eta beste txapelketaren batean ere biok parte hartu dugula uste dut. Aurkari ona iruditzen zait eta gainera, herrikoa izanda beste ilusio batekin hartzen dira txapelketak.

Nork irabaziko du?
Ez dakit. Ez dakit zein harrirekin joango den, baina iruditzen zait nireak baino txikiagoak eramango dituela, eta beraz, konparaketa egitea zaila da. Ez da txapelketetan bezala izango. Haietan denok pisu bereko harri berak altxatzen ditugu, baina Usurbilgoa erakustaldia izango da eta ezberdina da. 

“Perfekzionista naiz”
NOAUA! Erakustaldi gehiago ere badituzu aurreikusita datozen hilabeteotan?
Lur Errekondo: Bai. Printzipioz ekainaren 4an txapelketa bat izango dugu eta emaitza onak lortuz gero, ekainaren 5ean finala jokatu beharko dut. Erakustaldi dezente ere baditugu aurreikusita udarako festen testuinguruan, eta txapelketei dagokienean, Igeldo Harria eta Zarauzko BiHarri txapelketak izango ditugu.

Zer-nola ikusten duzu zeure burua?
Fisikoki ondo ikusten naiz, baina badakit oraindik teknika landu beharra daukadala. Perfekzionista naiz eta lan gogorra egiten ari naiz teknika perfektuaren bila eta alde horretatik asko irabazten da. Indarra ere badut eta teknika nahiko txukun hartuta daukat. Onenen mailan aritzeko oraindik pixka bat falta zaidala uste dut, baina lanean jarraituko dut hori lortze aldera.