Abiada bizian igaro dira Itzulia Women-eko txirrindulariak

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 15a, 10:07

Emakumezkoen txirrindulari Itzuliak Usurbil zeharkatu du igande goiz honetan.

Ziztu bizian, 10 segundu baino gutxiagoko tartean igaro dira Usurbildik Itzulia Women emakumezkoen txirrindularien txapelketako parte hartzaileak. Igande goiz honetan izan da, 9:30ak pasatxoan. N-634 errepidetik barrena zeharkatu dute udalerri hau Txikierditik hasi eta Aginagaraino. Ordubeteko tartean, Orio eta Aiako itzulia egin eta bueltan berriz Aginagatik Txikierdira udalerri hau zeharkatzekoak ziren errepide beretik.

Donostian hasitako Itzulia Women txapelketako hirugarren eta azken etapa Gipuzkoako hiriburuan amaituko da, inguru hau, Hernani, Oiartzun, Errenteria eta Irun, alegia Buruntzaldea eta Oarsoaldea zeharkatu ostean. 139,8 kilometroko bidea guztira. Gaur jakingo da beraz, nor den ostiralaz geroztik bidean izan diren txirrindularien artean lehen postuan sailkatua amaituko duena.

Txirrindularien itzuli honi buruzko informazio gehiago, atari honetan: itzulia-women.eus