San Ixidro Eguna

Harri jasotze saio ikusgarria osatu dute San Ixidro Egunean

Erredakzioa 2022ko mai. 15a, 19:47

San Ixidro Eguna borobiltzeko lehen aldiz bi emakume usurbildar elkartu dira frontoian harri jasotze saioa eskaintzeko: Ane Zinkunegi eta Lur Errekondo. Txalo zaparrada ederrak jaso dituzte biek.

Ane Zinkunegik 50 eta 52 kiloko harriak erabili ditu ikuskizuna borobiltzeko. Bi minutuko erakustaldiak egin ditu harri zilindrikoa, kubikoa eta esferikoarekin. Lehen aukeran, harri zilindrikoarekin aritu da lanean eta 21 altxaldi egitea lortu du. Ondoren, kubikoarekin 10 altxaldi egitea lortu du 52 kiloko harriarekin, eta azkenik esferikoarekin 17 egin ditu.

 

Lur Errekondo ere ezinhobe aritu da lanean. Hasteko, 9 altxaldi egin ditu 54 segundoan 62,5 kiloko harri zilindrikoarekin. Gero, kubikoarekin aritu da 10 altxaldi egiten.      Harri baldarra hartu du hurrena 4 altxaldi eginda 1:21ean eta amaitzeko, esferikoarekin 10 altxaldi egin ditu 53 segundoan. 

 

Hodei Iruretagoiena,k Izeta IV-k, 125 kiloko harri zilindrikoarekin 18 altxaldi egin ditu bi minutuan eta ondoren, 14 altxaldi 113 kiloko harri kubikoarekin. Etxeko txikia ere ikustaldi ederra eskaintzera atera da plazara eta euskal pentatloia osatu du. 14 urteko Jakes Iruretagoienak 10 altxaldi egin ditu harri esferikoarekin minutu eta lau segundoan, 180 kiloko harria arrastaka eraman du luze bat eginda hiru minutu eta ia hogei segundoan, aizkorarekin enborra moztu du zazpi minutu eta erdian, eta amaitzeko, txingekin bi luze egin eta hamar itzuli egin dizkio korrika frontoiari hamar minutu eta erdian.

 

Azkenik, lau protagonistek agurra egin dute, eta Beñat Gaztelumendik bertso pare bat eskaini ditu.