NOAUA! Haurren sexu heziketaz hitz egingo duzue bi saioetan. Noiz hasi behar luke guraso batek haurrekin sexualitatearen gaia lantzen?
Elene Jimenez: Nahita nahiez ari gara ideia batzuk helarazten, egoera batzuen aurrean jokaera bat izaten edo beste bat. Azken finean, begiratu behar da pixka bat zer esaten diegun haurrei. Haurrek ere batzuetan galdera oso zehatzak egiten dituzte aurrez inolako abisurik eman gabe: zer egiten du Ekainek tripan? Nola iritsi da tripara? Lagun batek esan dit sexu harremanak izatea hau dela… Gero, bat-batean galdetzen dute hau neska edo mutila den. Kontu hauen inguruan nola erantzun jakitea garrantzitsua da. Hilekoaren gaia ere beti tartean izaten da; ikusten dute kulerotan odola eta izutu egiten dira. Medikuak izatera ere jolasten dira beraiek ere. Ume txikiek gozatu egiten dute beren alua laztantzen eta ez dakizu leku aproposa izan daitekeen edo ez diozu moztu nahi, baina aldi berean sentitzen duzu moztu behar hori.
Nola lan daitezke gai hauek haur txikiekin?
Horrelako gertaeren aurrean batzuetan ez dakigu erantzuna ematen edo gaiari berriz heldu nahi diogu. Badaude ipuin batzuk horren inguruan lasaitasunez eta patxadaz hitz egin ahal izateko. Erabaki bat hartu bere adinarekin aproposa zer izan daitekeen aztertzeko.
Guraso askok sexu heziketaren gaia eskolan baino ez dela landu behar uste dute.
Egun, uste dut gutxiengoak pentsatzen duela horrela. Usurbil txikia da eta orain ematera goazen tailer antzekoetara jende asko hurbiltzen da. Beste kontu bat da, eta batzuetan gertatzen da, beldurra sentitzen dugula arriskuen aurrean. Ikusi beharrean sexualitatea gure ezaugarri bat dela, neska edo mutila izateko modu horiek potentziatu behar direla nire izaeraren parte izanda. Orduan, normalean, kezkak edo larritasunak beranduago agertzen dira. Beranduago horretan, ez badugu aurretik komunikazioa behar bezala landu, haurrak 12 urterekin ez dute gurekin hitz egin nahi.
Zein ondorio dezake gurasoek gaia naturaltasunez lantzeak edota hala ez egiteak etorkizunean?
Nolabaiteko komunikazio haria baldin badago eta eteten ez bada, edozein uneetan bizipenak eta zalantzak errazago partekatzen dituzte haurrek gurasoekin. Azken finean, sexualitatea beste edozein ezaugarri bezala landu egin behar da eta espazioa ematen bazaio hitz egin ahal izateko, bizipenak gehiago partekatzen dira eta haurrek babes sentsazio gehiago izaten dute.
Haurrei hau guztia txikitatik irakastea komeni da?
Oso txikiak direnean indartu egin behar da identitatea eta zertan datzan ulertarazi. Gurasoek ezagutzatik eta lasaitasunez egin beharreko lanaren parte da hori, babestu eta bidean lagundu ahal izateko. Aztertzen ari garen adin tarte honetan, pentsamendua oso pentsamendu zehatza da. Gehienbat, gertuko testuinguruetan ikusten dutena identifika dezakete. Zortzi urtetik aurrera, pentsamendua zabaldu egiten da eta gauzak modu batekoak edo bestelakoak izan daitezkeela ikusten dute; abstrakziorako bidea dago.
Kozkortutako haurrak baditugu jada, zer egin dezakegu hemendik aurrera landu ahal izateko?
Guk tailerrean ez dugu 7 urtetik gorako haurrei buruzko lanketarik egingo. 8-11 urte artekoekin hitz egin dezakezuna oso ezberdina da. Ideiekin askoz gehiago jolas dezakezu, elkarrizketa konplexuagoak izan… Horregatik egiten ditugu tailerrak adin tarte jakin batzuen arabera. Orain egingo ditugun bi tailerretan fokua jarriko dugu ipuinetan, irudietan, galdera-erantzunak nolakoak izan behar luketen… Azken hauek zortzi urtetik aurrera konplexuagoak dira.
Sexu informazio bulegoan baduzue zerbitzuren bat behar zehatzak dituzten guraso edo pertsonentzat?
Sexu informazio bulegoak badu tarte bat aholkularitzara zuzendua. Guraso talde bat hurbilduko balitz gai jakin bat nola landu ikasi nahi duena edo materiala nahi duena horretaz hitz egiteko edo dena delakoa, gu prest gaude laguntzeko. Liburu-zerrendak baditugu gai eta adin tarteen arabera sailkatuta eta gu prest gaude behar diren azalpen guztiak emateko.
Informazio gehiagorako:
Kale Nagusia, 43 behea
697 919 516
sexuaholku@usurbil.eu