2022-23 ikasturtea

Ikasturte berrirako Zirimaran matrikulatzeko epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 16a, 10:51

Maiatzaren 27ra arteko tartea izango dute 0-6 urte arteko familiek, baita LH4ra artekoek ere 2022-23 ikasturterako Zirimaran matrikulatzeko.

Astelehen honetatik zabalik da jada, ikasturte berrirako Zirimaran matrikulatzeko epea, maiatzaren 27ra arte.
Izena ematerakoan kontuan hartzeko bi ohar: "Eskola Kirolan parte hartzeko derrigorrezkoa da Oiardo Kiroldegiko bazkide izatea, izan norbanako modalitatean edo familia modalitatean", ohartarazi du antolakuntzak. Gogoan izan baita, Kiroldegiko abonamendu honi begira udal hobariak eskuratu daitezkeela.

Ziklo edo adin tarte bakoitzera egokitutako jarduerak eskaintzen ditu Zirimarak. LH 1 eta 2rako esaterako, jolas hezi programa, psikomotrizitatea, natur jarduerak, saio bereziak eta familia planak. Jolasak, kirol alternatiboak, taldeko nahiz banakako kirolak, natur jarduerak, saio bereziak eta familia planak LH 3-4 mailetako gaztetxoentzat. Kasu batean zein bestean, astero saio bat edo bitan parte hartzeko aukera astearte eta ostegunetan. Eta 0-6 urte artekoentzat Zirimara familian bizitzeko aukera; gorputz mugimendua, familia hezkuntza, jarduera fisikoa familian, jolasak...

Egunotan  proiektua gertutik ezagutzeko aukera izango dute HH nahiz LH-ko gaztetxo eta gurasoek. Ate irekien saioak antolatu dituzte Aginagan, Usurbilen eta Zubietan.

Ate irekien saioen egutegia
Usurbilen
-Maiatzak 17, 16:30-18:30: HH5/LH1/LH2.
-Maiatzak 19, 16:30-18:30: LH3.

Zubietan
-Maiatzak 18, 16:45-18:15.

Aginagan
-Maiatzak 16, 16:45-18:15.

Zirimara Familian
-Maiatzan 17 eta 19, 16:45-17:45: 0-6 urtekoentzat.