Harrera ezinhobea izan du Udajolasek aurtengoan. NOAUA! Kultur Elkarteak Usurbilgo Udalarekin elkarlanean antolaturiko udako aisialdi ekimeneko plaza guztiak esleitu dira. 4-12 urte arteko 200 haur eta gaztetxoentzako lekua zegoen Udajolasen eta 200 izen-emate tramitatu dira, apirilaren 25ean hasi eta maiatza hasierara arte finkatu zen epean.
Gaztetxoen izen ematea
4-12 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzendua dago Udajolas, HH3-LH6 mailen artean ikasten ari direnei. Ekimen honi buruzko argibideak ohi bezala, urteroko guraso bileran eskainiko ditugu. Aurtengoa, ekainaren 21ean arratsaldeko 17:00etan hasiko da Sutegiko auditorioan. Uztailaren 4tik 29ra luzatuko da Udajolas; astelehenetik ostiralera, lau orduz, 9:30-13:30 artean.
Hobariak
Aurtengoan tramitatu ezin izan dutenentzako oharra, aurrera begira kontuan hartu beharrekoa. Udajolaseko kuota ordaintzen laguntzeko udal hobariak jaso zitezkeen. Errentaren araberako hobariak aplikatzeko aukera eskaintzen zuen Udalak, beti ere onartutako ziurtagiria aurkeztuta. Usurbilgo Udaletik ohartarazi zutenez, "Udajolasen hobariak jaso ahal izateko, beharrezkoa izango da onuradun izaera aitortua izatea izena eman aurretik. Hobaria jasotzeko eskaria egitetik ebazpena jasotzera, gutxienez, 15 eguneko tartea behar izaten da, eta, gehienez, hilabete inguru".