Maiatzaren 22an

Sagardo Egunean laguntzeko deia

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 18a, 12:09

Jai giroa barrutik bizi nahi duenak maiatzaren 22ko 39. Sagardo Egunean boluntario gisa parte hartzeko aukera ederra du.

Lau egun baino ez, bi urteko behartutako etenaldiaren ostean, itxuraz behintzat uda giro betean itzuliko den 39. Sagardo Egunerako. Festarako eta sagardo egarriz dira jada usurbildarrak. Ohi bezala, Sagardo Egunaren Lagunak taldekoak hilabeteetako prestaketa lanen ostean, egun osoko jaialdia iragarri dute maiatzaren 22rako; sagardo eta pintxo dastatzea goiz partean, arratsaldean elektrotxaranga kalez kale.

Igandeko jaialdia ospatzea ahalbidetuko dutenak ordea, antolakuntzarekin batera lankidetzan ariko diren boluntarioak izango dira. Denetariko laguntzaileak behar dituzte, auzolanean usurbildarrentzako estimatua duen jaialdia egoki ospatzeko.

"Esku eta hanka guztiak izango dira ongi etorriak!"
Edalontziak saltzeko, pintxoak sukaldatu eta zerbitzatzeko, postuen muntaketarako edota noski, sagardoa banatzeko laguntzaileak beharko dituzte hilaren 22an. “Aurpegi berriak eta laguntza behar beharrezkoa dugu. Esku eta hanka guztiak izango dira ongi etorriak!”, adierazi diote NOAUA!ri Sagardo Egunaren Lagunak taldetik.

Sagardoa botatzera animatzen dute herria, bereziki neskak. "Asko poztuko ginateke neskak ere animatuko balira", antolatzaileek nabarmendu dutenez.

Boluntario guztientzat bi ohar; igande goizeko 7:45ean finkatu du antolakuntzak frontoian biltzeko hitzordua. Eta bigarrenik; aurreko edizioen antzera, baserritar jantziekin agertzeko deia egin dute.

Maiatzak 22, igandea
07:45 Sagardo Egunean lagundu nahi duten guztiak baserritarrez jantzita Usurbilgo frontoira agertzeko deia.
11:00 Botatzaileen argazkia.
11:30 Irekiera. Baserriko zein sagardotegi ezberdinetako sagardoa dastatzeko aukera. Honetaz gain, pintxo aukera zabala.
14:30 Sagardo dastaketaren itxiera.
15:00 Botatzaileen bazkaria.
18:00-21:00 "Matraka" Elektrotxaranga kaleetan zehar.

Antolatzailea: Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak.