Udako nahiz ikasturte berriko aisialdi ekimenetan izen emateko garaia

Noaua Aldizkaria 2022ko maiatzaren 18a

Uda partera begira, Aginagako txokoetan edota Ziortzaren kanpaldian izen emateko epea zabalik da. Baita ikasturte berrirako Zirimaran matrikulatzekoa ere. Lerrootan bildu ditugu xehetasunak.

Aginagako txokoak
Ikasleak udako oporraldian murgildu berritan, txokoak antolatu dituzte Aginagan, ekainaren 22tik 30era, goizez eta bi orduz, 10:30-12:30 artean. Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua egongo da ekimena, lehen mailatik hasi eta seigarren mailara arteko ikasleei. Aurten berrikuntza nabarmen batekin; zirkua ikusteko aukera izango dute. Zirkuaren bueltan egituratuko dituzte beraz txokook. Izen-ematea zabalik izango du antolakuntzak maiatzaren 20ra arte. Inskripzioak bideratzeko whatsapp mezu bat idatzi behar da telefono zenbaki honetara;  695 723 192 (Aitziber).

Ziortzaren kanpaldia
Aurre izen-ematea egoki bideratu zutenek, maiatzaren 22ko arratsaldeko 20:00ak arteko epea dute, email bidez jasoko duten jakinarazpeneko estekaren bidez, Ziortzak uztailerako Peñaloscintosen (Errioxa) antolatu duen kanpaldian matrikulatzeko. Deialdiak izan duen harrera ikusita, antolatzaileek aurreikusi moduan bi ez, azkenean hiru txanda egokitu dituzte, izena emandako guztiak joan daitezen:
-1. txanda: uztailak 5-14 (DBH 3-4).
-2. txanda: uztailak 14-20 (DBH 2).
-3. txanda: uztailak 20-26 (DBH 1).

Zirimara
Zabalik da hurrengo ikasturterako Zirimaran izen emateko epea maiatzaren 27ra arte, 0-6 arteko haurren eta LH1-4 mailetako ikasleen familientzat. Matrikulaziorako formularioa, https://forms.gle/gQa4UkzFh8p7PaPE7 estekan eskuratu daiteke. Eskola Kirolean parte hartzeko ezinbestekoa da Oiardo Kiroldegiko bazkide izatea. Bestalde, abonamendu horietarako errentaren araberako hobariak eskura daitezke.

Ziklo edo adin tarte bakoitzera egokitutako jarduerak eskaintzen ditu Zirimarak. LH 1 eta 2rako esaterako, jolas hezi programa, psikomotrizitatea, natur jarduerak, saio bereziak eta familia planak. Jolasak, kirol alternatiboak, taldeko nahiz banakako kirolak, natur jarduerak, saio bereziak eta familia planak LH 3-4 mailetako gaztetxoentzat. Kasu batean zein bestean, astero saio bat edo bitan parte hartzeko aukera astearte eta ostegunetan. Eta 0-6 urte artekoentzat Zirimara familian bizitzeko aukera; gorputz mugimendua, familia hezkuntza, jarduera fisikoa familian, jolasak...

Egunotan  proiektua gertutik ezagutzeko aukera izango dute HH nahiz LH-ko gaztetxo eta gurasoek. Ate irekien saioak antolatu dituzte Aginagan, Usurbilen eta Zubietan.

Ate irekien saioen egutegia
Zubietan
-Maiatzak 18, 16:45-18:15.

Usurbilen
-Maiatzak 19, 16:30-18:30: LH3.

Zirimara Familian
-Maiatzan 19, 16:45-17:45: 0-6 urtekoentzat.



Udajolas
Aurreikusitako plaza guztiak (200 guztira) beteta itxi dute NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak Udajolaseko izen-ematea. 4-12 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzendua dago Udajolas, HH3-LH6 mailen artean ikasten ari direnei. Ekimen honi buruzko argibideak ohi bezala, urteroko guraso bileran eskainiko ditugu. Aurtengoa, ekainaren 21ean arratsaldeko 17:00etan hasiko da Sutegiko auditorioan. Uztailaren 4tik 29ra luzatuko da Udajolas; astelehenetik ostiralera, lau orduz, 9:30-13:30 artean.