26 lanpostu, Udal Lan Eskaintza Publikoan

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 19a, 09:04
Udal langileek apirila amaieran Sutegin eginiko batzarra. Argazkia: Usurbilgo Udala.

26 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa onartu du Usurbilgo Udalak.

Ezinbestean bete beharreko Espainiako Egonkortze Legea tarteko, Usurbilgo Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak 26 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoa onartu du, helburu argi batekin; “administrazio publikoko lanpostuen behin-behinekotasun tasa jaisteko”, Udaletik berri eman dutenez. Udalak 2024. urtea amaitu arteko tartea du, prozesu guztiok amaitzeko.

Edonor aurkez daiteke
Lehiaketa-oposizio bidez edo meritu lehiaketa hutsez bideratuko diren deialdiotara “edonork aurkeztu ahalko du”. Hain zuzen, Udaletik argitu dutenez, “egonkortuko direnak lanpostuak izango dira, eta ez gaur egun horiek betetzen ari diren langileak: lanpostu bat urte luzetan bete duen norbaitek lana galtzeko arriskuan egon badago”.

Egoera honetan, deialdi honen berri emateko apirila amaieran udal langileek Sutegin eginiko batzarrean lege honek eragiten duen “ziurgabetasuna” nabarmendu zuten, duten informazio falta. Udal-gobernu taldeko kideek eta udal langileek orain arte adostasun giroa egon dela eta adostasunerako borondate politikoa izan dela azpimarratu dute. “Bide berdinetik jarraitzea” espero dute.

Kirol teknikaria
Apirilaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez, Usurbilgo Udalak kirol teknikaria oposizio-lehiaketa askez aukeratzeko prozesua abiatuko zuela iragarri zuen. Iragarki berean eskabideak aurkezteko 20 eguneko epea zabalduko zutela iragarri zuen Udalak “Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik” zenbatzen hasita. Aldizkari horretan maiatzaren 7an argitaratu zuten iragarkia, eta beraz zabalik da jada deialdira aurkezteko epea usurbil.eus atarian edo udal erregistroan, ekainaren 3ra arte.

Gogoan izan, Usurbilgo Udalak “2020ko Enplegu Publikoetako Eskaintzetan jasota dagoen kirol saileko burua plaza lehiaketa-oposizio sistema bidez betetzeko deialdia” plazaratu zuen. Lan deialdi honetara aurkezten direnei besteak beste, “Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren  Zientzietako gradua edo baliokidea izatea edo baliokidea edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izana” eskatuko zaie. “Oposizioaren proba guztiak gainditu eta izendatuak ez diren izangai guztiak” Udalak osatuko dituen bi lan-poltsetan sartuko dira.