1. Txalaparta Festa

Txalapartaren kultura plazaratu eta Jexux Artze omenduko dute

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 19a, 10:17

Txalapartaren bueltako kultura plazaratzen dihardu Jexux Artze Kultur Elkarteak. Eskola zabaldu zuten iragan udazkenean, eta kaleratze horretan urrats berria emango dute orain; 1. Txalaparta Festa prestatu dute maiatzaren 26tik 28ra. Hitzordua gainera, Jexux Artze hil zeneko 20. urtemugarekin egokituko da eta txalapartari usurbildarra omenduko dute.

Txalaparta eskola abiarazi zenuten udazkenean, instrumentua plazaratzeko asmoz. Hurrengo asteburuko festa ere ildo berean kokatu daiteke?
Jexux Artze K.E.: Proiektu oso baten moduan planteatu genuen txalaparta eskolarekin hasi ginenetik; batetik, klaseak izatea instrumentua jotzen ikasteko eta txalaparta kalera ateratzea, eta izan duen karga historikoaren transmisioa ere egin nahi genuen. Beti ibili dugu buruan hezkuntza arautuan txalapartaren historia eta instrumentuaren inguruko ezagutza transmititzea eta dena batera egiteko aukera ikusi dugu Txalaparta Festarekin. Batetik, ikasitakoa plazaratzeko eta ikastolako gazteei erakutsi eta irakasteko. Gainera, Jexux Artze hil zeneko 20. urteurrenarekin egokitu da. 

Zer moduzkoa izan da Txalaparta Eskolaren lehen ikasturtea?
Plazaratze honek goizegi harrapatu gaitu eskolan, hasi egin baikara. Bizpahiru urte barru ikasleak trebatu ahala, gauza gehiago egingo ditugu. 

Zein da ikasleen profila?
Adin ezberdinetako jendea dabil. Halere, antolatzaile moduan adin tarte gehiagoko ikasleak hartu nahi genituzke. Edozein unetan hasi daitezke. Baten batek ikasturte amaiera honetan probatu nahiko balu datorren ikasturtean hasteko, horretarako aukera egongo da.

Eskola txalaparta kaleratzeko zubi gisa ikusten duzue?
Lehen jaietan edo bestelako ekintzetan beti berdinei deitzen zitzaien txalaparta jotzeko. Ekitaldi askotan txalaparta behar izaten da baina txalapartaririk ez zegoen. Beste lekuetan bezala, asmoa txalapartari taldea handitzea litzateke.

Harrobi bat sortu. 
Usurbilen bada ekimenak antolatzeko prestasun hori, txalapartaren bueltan. Lehen zuen garrantzia berreskuratzea nahi genuke. Ez gara konturatzen baina Usurbil Euskal Herri mailan erreferentziazko herria izan da txalapartari dagokionean. Gure erronka berriro zabaldu, jendeak ezagutu, harrobia egin eta ekitaldietan parte hartzeko txalaparta jotzeko gaitasuna duen jendea egotea da.

NOAUA! Txalaparta Festan islatuko dituzue zuen erronkak. Jaialdi parte hartzailea izango da.
Egungoek nahiz ikasten aritutako herritarrek edota beste herri batzuetatik etorritakoak, animatzen denak jotzeko aukera izango du. Txalapartarekin adarra  jotzea lotuta egon da beti. Adar ezberdinak jarriko dira jendearen esku, jotzen ez dakienari irakatsiko diogu.  Usurbilen badaude adarra jotzen dutenak, adar-egilea ere badago. Trikitilariek gidatu eta sagardoa txorizo egosiarekin banatuko dugu.

Ikastolarekin ere transmisioa landuko duzue.
Kontzertu ahalik eta didaktikoena egin nahi da. Azalpentxo bat eman, herrian zer izan den txalaparta, zer pisu izan duen azaldu, baina batez ere txalaparta erakutsi eta probatzen utziko zaie. DBH4-koekin egitea da asmoa. 

Jexux Artze ere omenduko duzue. Nola aurkeztuko zeniokete belaunaldi berriei?
Txalaparta berreskuratu zuten Artze anaiek. Galtzear egon zen musika instrumentua berreskuratu, irakasteko metodoa asmatu eta beste dimentsio batera eraman zuten txalaparta Artze anaiek. Bi eskola zeuden soilik, Hernani eta Usurbilgoa. Ahalegin horri esker txalaparta ez zen desagertu.



1. TXALAPARTA FESTA
Maiatzak 26, osteguna
19:00 "Txalaparta eta txalapartariak" hitzaldia Sutegin.
Hizlaria: Juan Mari Beltran Argiñena. Euskal Musikaren Txokoa.
Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.
Babeslea: Usurbilgo Udala.

Maiatzak 27, ostirala
Zehaztasunak: txalaparta tailer didaktikoa, Udarregi Ikastolako ikasleekin.
Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.
Babeslea: Usurbilgo Udala.

Maiatzak 28, larunbata
11:45-14:00 Herri erromeria, Mikel Laboa plazan:
-Adar deia.
-Txalaparta ikasleen emanaldiak.
-Txalaparta irekia (txalaparta eta adarra jotzen ikasteko ikastaro azkarrak eta adar ugari jotzeko aukera).

14:30 Bazkaria Artzabalen. Txartelak 18 euroan salgai Artzabalen eta Lizardin, maiatzaren 24ra arte.

18:00 Jexux Artzeri omenaldia Dema plazan (20. urteurrena).

18:45 Kontzertuak: Kimu Txalaparta eta Hutsun Txalaparta Taldea.

Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.
Babeslea: Usurbilgo Udala.