39. Sagardo Eguna

Indarkeria sexistarik gabeko gunea, Sagardo Egunez

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 20a, 09:28

Emagin elkarteak Indarkeria Sexistarik Gabeko Gunea egokituko du igandeko 39. Sagardo Egunez, Mikel Laboa plazan.

39. Sagardo Egunak eremu berri bat izango du aurten; ohiko festa gune nagusitik at, baina era berean hurbil; Indarkeria Sexistarik Gabeko Gunea hain zuzen. Emagin ikerketa eta dokumentazio zentro feministak egokituko du, Mikel Laboa plazaren goialdean, Bordatxo taberna parean. Arratsaldez egongo dira, 18:00etan hasi eta gaueko 23:00ak arte.

"Emakumeak eta herritarrak orohar indarkeri sexistaz kontzientziatzeko helburuarekin jai eremuan kokatzen dugun informazio puntua dugu. Asmoa da emakumeek eta bereziki neska gazteek jaietan indarkeri sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzea eta babes zein elkartasun gunea irudikatzea". Horrekin batera, "indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztu nahi ditugu. Erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela ohartarazteko gunea da, hala nola emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabetzen laguntzeko eta bitarteko eta lanabesak eskaintzeko".

Usurbilgo Udalaren eskariz egokituko duten gunean, “Emagin elkarteko kideak une oro izango dira gunea     dinamizatzen, bertaratutakoei aholkularitza ematen eta zalantzak eta kezkak argitzen”. 12 urtetik gorakoentzat izango da. Babes eta elkartasun gunea izango da, “indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentziazko leku izateko bokazioarekin. Guneak, horrez gain, erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasorik balego erantzuna izango duela ohartaraztea ere badu helburu”. 

Ahalduntzean ere eragile 
Emakumeen ahalduntzean ere eragin nahi du. “Euren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea eta maitasun erromantikoaren eredua zalantzan jarrita plazerean oinarritutako harreman osasuntsuak bultzatzea”. Erronka hauei begira, “era askotako materiala eskainiko dute”.

Indarkeria Sexistarik Gabeko Gunearen helburuak
-Emakumeak eta herritarrak, oro har, indarkeria sexistaz kontzientziatzea.
- Emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzea.
- Babes eta elkartasun gunea irudikatzea eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentzia gunea sortzea.
- Erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela
ohartaraztea.
- Emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea eta, horretarako, bitarteko eta lan
tresnak eskaintzea.
- Maitasun erromantikoaren eredua zalantzan jarri eta plazerean oinarritutako harreman osasuntsuak bultzatzea.