39. Sagardo Eguna

Bisitarien artean, Bardozeko Xarnegu ikastolakoak izango ditugu

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 20a, 09:13

Iazko irailean zabaldutako Lapurdiko ikastolako ordezkaritza bat bisitan izango dugu igandeko 39. Sagardo Egunean, Nafartarrak taldekoen eskutik. Harrera eta kalejira antolatu dute.

Herri giroa ezin biziagoa izango den unean, urteko egun seinalatuenetakoan bilduko dira usurbildarrak, maiatzaren 22an. 39. Sagardo Eguna bizitzeko gogotsu dago herria, baita bisitan izango ditugunak ere. Tartean, Ipar Euskal Herriko lagunak. Zehazkiago esanda, Bardozeko Xarnegu ikastolako kideak. Ordezkaritzat bat udalerri honetara etorriko da, maiatzaren 22an, Nafartarrak Kultur Taldekoek gonbidatuta.

Urte luzez Zuberoako ikastolak laguntzen aritu da Nafartarrak Kultur Taldea. Arrakastatsuak suertatu diren hainbat elkartasun kanpaina bideratu izan dituzte, beharrean diren herrialdeko bertako ikastolak lagundu eta euskararekin bizi duten errealitatea plazaratzeko. Tartean, Sohutako ikastolako gurasoek ekoitzitako produktu goxoez hornituriko otarren salmenta. 11.000 euro bildu zituzten iazko kanpainan.

Seaskako ikastolen eta talde zein herri honen arteko hartueman berri baten abiapuntua izan daiteke, igande honetako, maiatzaren 22ko 39. Sagardo Egunerako programatua dutena. Lapurdiko Bardozeko Xarnegu ikastolako kideak bisitan izango ditugu Usurbilen. 

Seaskak iragan irailean inauguratu zuen ikastola berriko kideak. Aurretik, bertako haurrek kanpora joan behar izaten zuten euskaraz ikasi nahi bazuten. Ikastola honen errealitatea ezagutzeko aukera izango da beraz igandean.

Bisita eta kalejira
Goizeko 11:00etan Udarregi Ikastolaren atarian biltzeko hitzordua finkatu du Nafartarrak taldeak. Ipar Euskal Herriko bisitariei harrera egingo zaie eta elkarren berri izateko aukera izango dute Udarregi nahiz Xarnegu ikastoletako kideek.

Ordubete beranduago, 12:00etan Mikel Laboa plazatik abiatuko den  kalejira antolatu dute. Usurbilgo herria ezagutzeko ezin egun egokiagoan datoz; bi urteko etenaldiaren ostean, erreferentziazkoena den herritarren jai egun estimatuenean.