39. Sagardo Eguna

Boluntario nahiz herritarrei, auzolanerako deia

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 20a, 09:52

Auzolanerako gonbita Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldetik. Igande goizeko 7:45ean frontoian biltzeko deia egin diete boluntario guztiei.

Auzolanik gabe Sagardo Egunik ez. Usurbildarren urteko ospakizun estimatuena egoki bideratzeko boluntarioen laguntza ezinbestekoa da izango da aurtengo itzuleran ere. Postuen muntaketa, pintxoak sukaldatu eta  zerbitzatu, edalontziak saldu edota noski sagardoa banatu... Denetariko zereginak egongo dira hilaren 22an. Lagundu nahi duten   guztientzat igande goizeko 7:45ean Usurbilgo frontoian biltzeko hitzordua finkatu dute Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek. Boluntario guztiei baserritarrez jantzita agertzea eskatzen zaie. “Aurpegi berriak eta laguntza behar beharrezkoa dugu. Esku eta hanka guztiak izango dira ongi etorriak!”.

Emakumeen parte hartzea sustatu nahi dute bereziki. Sagardo botatzaileei zuzenduriko deialdia: “asko poztuko ginateke neskak ere animatuko balira”. Muntaketa lanak amaituta, goizeko 11:00etan botatzaileen argazki batekin hasi, irekiera ekitaldiaren ondoren, jendaurrean jan-edana zerbitzatu, eta desmuntatzea amaituta, bazkaritan borobilduko dute Sagardo Eguneko goiza.

Sagardo Eguneko giroa herrikideen artean, barrutik bizitzeko aukera aparta beraz hilaren 22an.

Herritarrei ere laguntzarako deia
Ez dira hilabete errazak izan antolakuntzarentzat. “Ilusio handiz hasi arren, ez zaigu erraza egin berriz ere egun hau antolatzen hastea”, zioten apirila amaieran NOAUA!ra igorri zuten adierazpenean. Eta egoerak “inoiz baino herritarren laguntza handiagoa beharko den urtearen aurrean jarri gaitu honek”. Horregatik galdegiten dute inoiz baino indar eta gogo handiagoz, jendea hurbildu dadila maiatzaren 22an plazara; erosi ditzala antolakuntzak prestatutako edalontziak, dasta ditzala pintxoak eta baita edateko moduan izango ditugun sagardoak ere. Hitz gutxitan, aktiboki murgildu dadila festa giroan.

Segidan dituzue zerrendatuak. Batetik, Aginaga, Zubieta eta Usurbil zein Gipuzkoako sagardotegietako postuak izango ditugu, Asturiasko bat ere bai. Eta hurbilekoak, baserriko sagardoa. “Eguraldiak ez dezala jendea baldintzatu, animatu!”. 11:30etan izango da irekiera ekitaldia frontoian, eta bazkal ordura arte festa giroa plazan. Baita arratsalde partean ere Matraka elektrotxarangako kideekin. 

Argazkiak etiketatu
Bueltan datorren Sagardo Eguneko bizipenak zuen oroitzapenetan iltzatu nahiko duzue. Ziurrenik argazki nahiz bideo formatuan. Eta irudi bat edo beste sare sozialetara igotzeko asmotan izango zarete. Kontuan izan antolakuntzatik, Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek NOAUA! bidez luzatu duten gonbita. Argazkiak sare sozialen bidez zabaltzerakoan ez ahaztu “@usurbilgosagardoeguna” etiketa txertatzeaz.  Hartara, argazkiok antolatzaileek euren sare sozialen bidez hedatzeko aukera izango dute. Modu horretan, Sagardo Eguna prestatu duen taldearen argazkien artxiboa aberasten lagunduko duzue, herriko nahiz herritik kanpoko sagardogileen lana sustatzearekin batera.