39. Sagardo Eguna

"Sagarrondotik Sagardora" ikastaroko saioa gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 20a, 07:09

39. Sagardo Egunaren bezperatan, Sagarrondotik Sagardora ikastaro zikloko saio berria ostiral honetan.

Sagardogintzari eta sagardoaren kulturari lotutako hitzordu ezberdinak izaten ditugu urtean zehar Usurbilen. Ekitaldi nagusia, igande honetan, maiatzaren 22an bueltan datorkiguna, 39. Sagardo Eguna. Baina ekimen gehiago ere izaten dira; besteak beste, Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibaren eskutik urtean zehar antolatzen duten "Sagarrondotik Sagardora" ikastaro zikloa.

Saiootako bat ostiral honetan, maiatzaren 20an; 15:30-18:30 artean Potxoenean, “Ilargiaren eragina landare, zuhaitz, erle eta fruitu arboletan. Egutegi biodinamikoa” saioa Xabier Akizurekin. Saio gehiago udan; “sagastien udako kimaketa” edota “fruitu arbolen udako edo begiko txertaketa” hizpide duten ikastaroekin. Irailerako etxean sagardoa egiteko hastapenak edota etorkizuneko sagastien diseinuari buruzkoak, baita etxean muztioa egiten ikasteko tailerra ere. Urrirako sagardotako sagarren erakusketa eta bertso-ibilaldia herriko sagastietan barrena. Urtea San Tomas Azokarekin agurtuko dugu abenduaren 18an. Aurretik, “sagarra eta sagardoa sukaldean” izeneko tailerra eta sagargintza eta sagardogintza ekologikoari buruzko azken hitzordua azaroan.

Ekitaldi guztion berri, apirilean etxez etxe banatu zen “Usurbil, Sagarraren bihotza, Sagardoaren kultura. 2022” agendan jaso dezakegu.

Sagardo txapelketak aurrerago
Maiatzaren 13ko aldizkarian, igande honetako Sagardo Egunean Euskal Herriko 5. Egurrezko Sagardo Lehiaketari eta 3. Sagar Muztio Lehiaketari lotutako sariak  banatuko zirela berri ematen zuen iragarkia argitaratu genuen. Antolatzaileek ohartarazi dutenez ordea, atzeratu egingo dira hitzorduok, ez dira igandean ospatuko, aurrerago baizik. Data berria zehazten dutenean, Euskal Herriko sektoreko ekoizle oro aurkeztea ahalbidetzen duten bi txapelketok noiz egingo diren jakitera emango dutela iragarri dute. Aurreko sariketa San Tomas Azokan ospatu zen.