Zubietako Eskola edota Aztarrika, "Euskara Aurrera" larunbateko manifestazioarekin bat egin dutenen artean

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 20a, 08:48
Argazkia: Zubietako Eskola.

Euskarari herri bultzada emateko, eragile anitzek bat egin duten mobilizazioa antolatu du Gazte Euskaltzaleen Sareak larunbat honetan, maitzaren 21ean, Donostian. Usurbilen eta Zubietan ere atxikimendua adierazi diote mobilizazioari.

"Euskarak aurrera egitea merezi duela uste duten" herritar oro deitu du Gazte Euskaltzaleen Sareak larunbaterako, maiatzak 21, Donostian antolatu duen manifestazioan parte hartzera. Arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Antiguako tuneletik, "Euskara aurrera!" aldarripean. Mobilizazio zabal eta askotarikoa izatea nahi dute, eta herritarrei euskararen aldarriak eramateko gonbita luzatzen diete.

Hitzorduarekin eragile anitzek bat egin dute. Besteak beste, NOAUA! K.E. kide duen Euskaltzaleen Topagunea, Kontseilua, Jakin, Elhuyar, Bai Euskarari, AEK, Ikastolen Elkartea, Usurbil kide duen UEMA, Elkar edota Euskal Herrian Euskaraz daude atxikimendua adierazi dutenen artean. Hurbilago etorrita, Zubietako Eskolak ondoko talde argazkia atera eta NOAUA!ra helarazi du egunotan. Eskolako kiden dire ikasle, guraso eta hezitzaileek bat egin dute Donostiako mobilizazioarekin.

Baita Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak ere. "Usurbilen ere belaunaldi berrioi dagokigu, Euskal Herri euskaldun baten aldeko borrokan lekukoa hartzea, euskaratik eta euskaraz bizi nahi dugulako", adierazi dute sare sozialen bidez zabaldu duten bideoan. Larunbateko manifestaziora joateko deialdia egin dute, trenez. "Horregatik larunbat honetan denak Donostiara, "Euskara Aurrera" manifestaziora. Horretarako 16:24ko trena hartuko dugu".

"Herri bultzada" behar
Donostiako larunbateko mobilizazioak aldarriaren izen bereko egitasmoan du jatorria. Apirila hasieran aurkeztu zuen, euskararen egoerarekin kezkatuak dauden gazte euskaltzale talde batek. Gogora ekarri zituzten, azken aldiko euskararen aurkako erabakiak, euskaraz ikasteko eskubide urraketak, erabileran izan den estankamendua... Euskarak herri bultzada berri bat behar duela diote, euskaldun gisa bizi, euskara normaldu, hizkuntza eskubideak errespetatu eta “finean, Euskal Herri euskalduna izateko”. Larunbateko manifestazioan, “urrats erraldoia ematera gonbidatzen ditugu euskaldun guztiak”.