39. Sagardo Eguna

Herria jai girorako prestatzen, adi igandeko trafiko mozketei

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 20a, 12:23

Usurbil bueltan datorren 39. Sagardo Egunerako itxuraldatzen hasia da jada. Gogoan izan, igandean ohiko trafiko mozketak izango dira.

Bi egun baino gutxiago bueltan datorren sagardo jaialdirako. Usurbil erdigunea maiatzaren 22rako prestaketa betean da. Tabernak guneak hornitzen eta kalea ospakizunetarako "mozorrotzen". Ostiral eguerdi honetan frontoiaren bueltak zuen itxura duzue ondoko irudiotan. Sagardo ekoizleen izenen txartelak zintzilikatzeko baliatzen dituzten zutabeak kokatu dituzte jada pilotalekuan eta Dema plazan. Mikel Laboa plazan ere Usurbilgo Ernaik antolaturiko karpagunea eraiki dute. Usurbilgo Udalak bestalde, herria ahalik eta txukunen mantentzeko edukiontzi multzo bat jarri du bai Mikel Laboa plazan bertan, baita Askatasuna plazako haurren jolastokian ere. 

Trafiko mozketak
Eta herriak eraldatzen jarraituko du datozen orduotan, eta zer esanik ez igande goizean. Postuen muntaketan laguntzeko auzolanerako deia egin dute Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek. Goizeko 7:45ean finkatua du frontoian biltzeko hitzordua.

Goizeko 11:30etako irekiera ekitaldirako guztia prest egongo da. Hortik aurrera, sagardo zaletuen eremuan bilakatuko da herri erdigunea eta ohi bezala, ibilgailuen joan etorria mugatuko da. Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, igande goizetik iluntzera Oxtapeko sarrera itxita egongo da ibilgailuentzat, baita beraz, Lurraldebus-eko autobusentzat ere. Autobus zerbitzu guztien geltokia, aurreko edizioetan gertatu bezala, San Inazio kaleko beheko biribilgunea izango da, 10:30-20:30 artean.

Herri erdigunean ere ohiko trafiko mozketak iragarri dituzte, jai eremuaren bueltako kaleak oinezkoenak izango dira maiatzaren 22an. "Kotxeak ahalik eta gutxien hartzeko gomendatu du Udaltzaingoak", Usurbilgo Udaletik ohartaraizi dutenez.