39. Sagardo Eguna

Uda giro betea eta aspaldi ikusi gabeko jendetza

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 22a, 13:37

Uda giro beteko itzulera jendetsu bezain arrakastatsua izan du, plazara bueltatu den 39. Sagardo Egunak.

Gezurra badirudi ere urteak herriko plaza hain betea ikusten ez genuenetik. Aurrekaririk gabeko osasun krisialdi batek eragotzi du albiste honi atxikitako irudiok aspaldidanik jasotzeko modurik ez izatea. Baina momentuz behintzat, testuinguru hura atzean utzita, plazara itzuli eta lagun, herrikide nahiz bisitariekin elkartzeko eguna izan da gaurkoa.

39. Sagardo Egunak itzulera ezin arrakastatsuagoa izan du. Bero itzela, uda giro beteko dastatzea bizi izan da goizean frontoian, Dema eta Askatasuna plazetan. Beroa apaltzeko abaniko mordoa ikusi dugu jendartearen eskuetan, gogotik astintzen.

Egarria asetzen ere nahiko lan gaurkoan. Eta ikusi besterik ez, baserrietako, herriko nahiz Usurbildik kanpotik ekarritako sagardoek izan duen harrera ezinhobea. Izatez arratsaldeko 14:30ak arte zegoen iragarria sagardo dastatzea baina 13:30ak pasatxorako, hainbat mahai biltzen hasiak ziren, sagardoa agortu ostean.

Aipaturikoa, giro itzela, Sagardo Egun ezin jendetsuagoa gaur Usurbilen. Plazarako itzulera eskuzabalik hartu dute herritarrek eta bisitariek. Bazen festa egun honetarako gogoa.