39. Sagardo Eguna

Edalontziak ziztu bizian agortu dira

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 22a, 13:07

39. Sagardo Egun hau izaten ari den arrakastaren adierazleetako bat, edalontziak ziztu bizian agortu izana.

Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek gonbita luzatua zuten; inoiz baino gehiago herritarren laguntza beharko zutela aurtengoan. Bai gaurko prestaketa lanetarako, baita bisitan zetozenak, besteak beste, edalontziak erosteko ere. Eta herriak ezinhobeto erantzun duen adierazleetako bat lerrootan. Usurbildarren festa egun kuttunenean eskuartean darabilgun edalontzia, Sagardo Egun honetako protagonistetako bat.

Dastatzea hasi denetik ilara luzeak ikus zitezkeen edalontziak eskuratzeko antolakuntzak finkatu dituen salmenta puntuetan; bai Mikel Laboa plazan, Irazu kalearen sarbidean, baita pilotalekuan bertan ere. Sutegi atarian, aurreko edizioetan bezala, jai egun honen diseinua daramaten edalontzi historikoak ikusgai jarri dituzte.

Aipatu moduan, edalontzia eskuratzeko ilara luzeak ikusi ditugu gaurkoan eta jaialdi betean ginela, agortu egin dira. Sagardo Egun hau izaten ari den arrakastaren beste adierazleetako bat honako hau.