39. Sagardo Eguna

Saritua izan den auzolana aurten ere

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 22a, 13:48

39. Sagardo Egunik ez zen izango, auzolanean aritu diren herritarrik gabe. Tartean, botatzailerik ez balego, festarik ez. Goizetik, sagardoa zerbitzatzen aritu diren herritarren artean hiru saritu ditu epaimahaiak, eguerdian ospatu den botatzaileen txapelketan.

Zer litzateke Sagardo Eguna, auzolanean aritzen diren boluntarioen prestasunik gabe? Erantzuna argi da, auzolanak ahalbidetu du plazarako itzulera hau ere. 39. Sagardo Egunaren zutabe nagusia da, auzolanean bideratzen den antolakuntza eredua. Eta gaurkoan ere ez du hutsik egin. Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek hilabeteotan bideratu duten prestaketa lanera batu dira igande goiz honetan, belaunaldi ezberdinetako herritarrak; batzuk edalontziak saltzen aritu dira, oholtza gaineko aurkezpen lanetan eta musikaz girotzen besteak, plazan pintxoak sukaldatzen koadrila handi bat, edota nola ez, sagardoa zerbitzatzen boluntario multzo handiena.

Antolakuntzak eginiko deialdiari ezinhobeto erantzun diote; baserritar jantziekin, lanerako gogoz hurbildu dira frontoi ingurura goizean goiz. 11:00etan albiste honi atxikitako talde argazkia atera dute. Eta lanean zebiltzala, ofizialki iragarria ez zegoen arren, bueltan berriz ospatu dute gaurko Sagardo Egunez botatzaileen txapelketa. Epaimahaia zorrotz ibili da postuz postu, zerbitzarien lana baloratzen. Ez dute lan erraza izan, baina aukeratu beharrean egon dira.

Hiru lagun ohi bezala, aurtengo botatzaileen txapelketan sarituak. Honako hauek. Zorionak!

39. SAGARDO EGUNEKO BOTATZAILEEN TXAPELKETA
1-Unai Aizpurua.
2-Beñat Arruti.
3-Leire Furundarena.