Usurbilgo jaiak

Txupinazoa pizteko hautagaiak proposatzeko garaia

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 24a, 09:46

Usurbilgo herriak erabakiko du nork piztuko duen bueltan datozen jaiei hasiera emango dien txupinazoa.

Bueltan datozen Usurbilgo jaietako egitaraua diseinatzeko lehiaketa ixtear den honetan (maiatzaren 25a baino lehen aurkeztu behar dira diseinu lanak), Jai Batzordeak Santixabelei begira berreskuratu duen bigarren ekimen baten iragarpena lerrootan. Jada abian dena. Ekainaren 29tik uztailaren 3ra ospatuko diren Usurbilgo festei hasiera nork emango dien herriak erabakiko du. Ekainaren 6ra arte proposatu ahalko dira udaletxeko balkoitik txupinazoa jaurtitzeko hautagaiak.

Proposamenak argudiatu
Ekarpenak udaletxean, Potxoenean, Sutegin eta Oiardo Kiroldegian egokituko dituzten kutxetan utzi beharko dira. Baina adi, bi galderei erantzun beharko zaie; lehenbizi, “nork bota beharko luke aurtengo Santixabeletako txupinazoa, zure ustez?”, eta segidan erantzuna argudiatu beharko da, “zergatik?” galderari erantzun beharko zaio. Bozka paperak kutxen ondoan egokituko ditu Jai Batzordeak, “norberak moztu eta kutxan sartzeko”, berri eman dutenez. Bozkatzeko paperak ekaineko kultur agendan ere txertatuko dituzte, “norberak moztu eta kutxan sartzeko”. Jai Batzordetik ohartarazi dutenez, “proposamenak kontuan hartuak izateko beharrezkoa izango da azaltzea botoaren zergatia”.